Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

21/09/2011

Santa Maria Katedralak hegoaldeko gurutzaduran egindako lanak aurkeztuko ditu Europako ‘Katedralen Maisuak’ elkartearen foroan, Alemanian

2011/09/21 Operazio-konplexua izan da eta askok interes handiz jarraitu dute, Europan oso gutxitan egin baitira antzeko esku-hartzeak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 21an.- Santa Maria Katedrala Fundazioa aste honetan Alemanian da, Naumburgo hirian egiten ari den ´Katedralen Maisuak´ elkartearen foroaren (´Dombaumeister, Münsterbaumeister und Hüttenmeister´) urteroko bileran. Oraingo honetan hegoaldeko gurutzadurako bobeden lana aurkeztuko da. Interes handiz jarraitzen ari den operazioa da, ez baita oso ohikoa eta Europan ia ez da antzeko esku-hartzerik egin. 
Seigarren urtez jarraian, Gasteizko Katedrala Europan tradizio handiko biltzar honetan egongo da. Biltzarra 1975. urteaz geroztik egiten da eta aurten 12 herrialdetako 66 katedraletako 150 profesionaletik gora bilduko ditu. Profesional horiek Alemania, Errumania, Suitza, Polonia, Frantzia, Herbehereak, Eslovakia, Txekiar Errepublika, Kroazia, Austria, Norvegia eta Espainiatik joango dira. Gasteiz eta Toledo izango dira Espainiako ordezkari bakarrak. Gasteizko katedraleko taldea Fundazioaren zuzendari-gerenteak, Juan Ignacio Lasagabasterrek, eta Leandro Camara eta Oskar Bell arkitektoek osatzen dute.
 

Europako katedral eta erlijio eraikuntza nagusiak zaharberritzeaz, gordetzeaz eta mantentze-lanez arduratzen diren teknikarien elkarte prestigiodun honen bilerak dira esperientziak trukatzeko erreferente baliotsuenetako bat. Oraingo honetan, gurutzaduraren hegoaldeko besoan egiten ari den lan garrantzitsua azalduko du Gasteizko taldeak. Zehazki, burualdeko eremu ezegonkorren egitura finkatzeko lanak azaldu zaizkie xehetasun guztiekin. Eta arreta berezia jarriko zaio Santa Ana elizpearen gaineko gurutzaduraren hegoaldeko besoko bobeden konponketari. Operazio delikatua da eta, besteak beste, gehiegi deformatutako bi bobeden arkuak zehaztasun handiz konpondu eta altxa behar izan ziren. Operazio hori interes handiz jarraitu da, Europako katedraletan antzeko esku-hartze oso gutxi izan baitira.
 

Halaber, Santa Maria Katedrala zaharberritzeko lanek aspalditik dute jarraipen estua foro honetan, eta kide ugarik Gasteiz bisitatu du makina bat aldiz. Interesa agerian geratu da, Santa Maria Katedrala Fundazioak Arabako hiriburuan 2013. urteko bilera bertan egiteko proposamena onartu baitute. Gainera, lehen aldiz egingo da Europa erdialdetik kanpo.