Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

22/09/2011

Santa Maria Katedrala Fundazioak Ajarteko harrobitik harriak modu tradizionalean, Idi-gurdi batekin, nola ekartzen zituzten gogoratuko dute larunbatean

2011/09/22  Mendiolatik abiatuko da, han bilduko baita Ajartetik oinez datorren taldearekin

                    Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 22a.- Aurten ere, hirigune historikoan asteburu osoan zehar izango den Erdi Aroko Azokarekin batera, bi idik tiratako gurdiak modu tradizionalean Ajarteko harrobitik (Trebiñun) harri bloke handiak nola ekartzen ziren Santa Maria Katedralera gogoratuko dugu larunbatean, Erdi Aroan eraikitzen ari zirenean erabiltzen zuten garraioaz baliatuz. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da Mendiolatik eta Aihotz plazara 14:00ak inguruan iritsiko da; han aktore eta kale-animatzaile talde batek itxarongo dio, ongietorria emateko. Ekintza erakargarria da, zalantzarik gabe, ez soilik ibilaldia egin nahi izango dutenentzat, baita egun horretan Erdi Aroko almendra bisitatuko duten guztientzat ere.
 
Ekimen hau ospatzen den bosgarren urtea da, eta Santa Maria Katedralak urtero, irailean, Ajartera antolatzen duen ibilaldiaren parte da, ´Harriaren Bidea´ programaren barruan. Lehengo asteburuan egindako ibilaldia eta gero, Iurretako idi parea izango da protagonista larunbatean. Itzainarekin batera, Mendiolatik oinez datorren taldearekin bat egingo dute. Urtero, herriko biztanle ugari biltzen dira jarduera pintoresko honi dena emateko.
 
Mendiolatik eta animaliek markatutako erritmoan, Olarizuko parkera hurbilduko dira eta, jarraian, Jauregilanda, Iturritxu, Zumabide, Domingo Martinez de Aragon, Araba, Agirre Miramon, Juan Ibañez de Santo Domingo, San Antonio, Becerro de Bengoa, Prado, Andre Maria Zuriaren eta Mateo Moraza kaleetatik eta San Frantzisko aldapatik, Aihotz plazara iritsi arte. Hirigune historikora heltzen direnean aktoreek eta kale-animatzaileek ongietorria emango die, eta harri-blokeak plazan harria zulatzen egongo den hargin bati emango zaizkio.
 
Taldea pasatzen ikusteaz gain (eta pertsona ugari jantzi tradizionalekin jantziko da, gainera), nahi duena ibilaldiaren edozein unetan bildu ahalko da taldera, eta Aihotz Plazara arte paseatu. Oso erakustaldi erakargarria izango da larunbatean Erdi Aroko Azoka bisitatuko duten milaka pertsonentzat.