Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

29/09/2011

Santa Maria Katedrala Fundazioak haurrentzako Gabonetako postalen lehiaketa antolatu du

2011/09/29 11 urte arteko haurrek parte hartu ahal izango dute eta saritutako christmas-ak erabiliko ditu Fundazioak aurtengo Gabonak zoriontzeko

  

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 29a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak antolatu duen lehiaketarekin hiriko gaztetxoenek festak zoriontzeko erabiliko dituen Gabonetako postalak diseinatzen lagun diezaioten nahi du. Parte hartu nahi duten 3 urtetik 11 urtera arteko haurrek urriaren 31ra arte aurkez ditzakete beren lanak.
 
Nahiz eta Gabonak urrun dauden oraindik, Santa Maria Katedrala Fundazioak gaztetxoenei hainbeste gustatzen zaizkien egun horietan pentsatzen has daitezen nahi du. Horretarako, postal-lehiaketa bat antolatu du eta, gaztetxoenak ondo pasatzeaz gainera, tenplu zaharra Gabonekin lotuz beren sormena gara dezaten nahi du. Lema oso erraza da: ´Santa Maria Katedrala eta Gabonak´, eta gaztetxoenek hiriaren egunerokoaren parte den proiektuari buruz duten iritzia modu grafikoan isla dezaten nahi da.
 
Bi kategoria zehaztu dira: 3 urtetik 5 urtera arteko haurrena eta 6 urtetik 11 urtera artekoena; bakoitzak ohiko edozein teknika erabiliz egindako bi marrazki berri aurkez ditzake gehienez. Ez da lan digitalik onartuko. Postaletan euskarazko zein gaztelaniazko mezuak idatz daitezke. Parte hartzeko lanak urriaren 31ra arte, astelehena, entrega daitezke Santa Maria Katedrala Fundazioan (Aiztogile kalea, 95), posta arruntez bidalita edo norbera etorrita, astelehenetik ostiralera 08:30etatik 14:00etara.
 
Epaimahaiaren iritzia azaroaren 7an jakingo da. Gehienez 3 sari emango dira kategoria bakoitzean. Kategoria bakoitzeko Gabonetako postalak erreproduzitu eta Santa Maria Katedralak datozen Gabonetako festak zoriontzeko bidaliko ditu hala paperezko formatuan nola digitalean.

 
Lehiaketaren oinarriak hemen   http://www.catedralvitoria.com/pdfs/varios/2011_gabonak.pdf