Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

11/10/2011

Santa Maria Katedralaren turismo-eredua Europako Parlamentura iritsi da

2011/10/11 Fundazioko zuzendaria, Juan Ignacio Lasagabaster, Bruselan ariko da bihar, Lisboako Ituna adostu ondoren turismoak dituen erronka berriei buruzko mintegi batean

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 11a.- Santa Maria Katedralak turismo-motor gisa zer-nolako adibidea den aztertuko dute bihar arratsaldean Europako Parlamentuan. Fundazioko zuzendariak, Juan Ignacio Lasagabasterrek, Lisboako Ituna onartu eta gero, Europako turismoan sortutako erronkak eztabaidatuko diren mintegian hitza hartuko du.
 
ALDE taldeko (Europaren aldeko demokraten eta liberalen ituna) Izaskun Bilbao eta Ramon Tremos (Convergència Democràtica de Catalunya) eurodiputatuek eta Giammarias Uggias italiarrak antolatu dute eta Lisboako Ituna sinatu ostean Europan ireki den marko politiko berriaren ikuspegia zein den eskaini nahi du mintegiak. Europako Batzordeko kideen esku-hartzearekin. Ondoren, alde praktiko bat egongo da, gaur egun sektore honek eskaini ditzakeen turismo-proposamen berritzaileak aurkeztuko dira. Santa Maria Katedralarekin batera, Bilboko Guggenheim Museoko zuzendari nagusiak, Juan Ignacio Vidartek, hartuko du parte, baita orain gutxi inauguratutako Basque Culinary Center-eko ordezkari batek ere.

 

Lasagabasterrek Katedrala berreskuratzeko eta zaharberritzeko prozesuaren berri emango du eta nola erreferente sozio kulturala eta izen handikoa bihurtu den azalduko du, erakundeen, enpresen eta norbanakoen babesa jaso duela ere aipatuko du eta nola hamar urtetan milioi bat bisitari hartzera iritsi den, hiriko turismoaren trakzio bihurtuz. Zentzu horretan, ´Obretan eta irekita´ goiburuak sinbolizatzen duen jardueraren filosofia aipatuko du. Katedrala pixkanaka-pixkanaka kultur etxe bihurtu nahi da eta proiektuak helburu du etorkizunean gizartearen onurarako erabiliz mantentzea.


Ondarearen dokumentazioari buruzko jardunaldiak
 
Bestalde, pasa den astean ´Ondarearen dokumentazio grafikoari´ buruzko jardunaldietan ere izan zen Katedrala. Espainiako Ondare Kulturalaren Institutuak antolatu zituen, Kultura Ministerioaren menpeko erakundeak. Naiaran (Errioxa) egin ziren eta bildu ziren adituak ondarearen dokumentazio teknikei buruz hausnartu zuten, baita etorkizuneko perspektibei buruz ere. Jardunaldien programaren barruan, Vitoria-Gasteizera joan ziren parte-hartzaileak, Katedrala bisitatu eta Fundazioko teknikariak, Iñaki Korosok, Katedralean erabilitako Monumentu-informazioaren Sistemari buruz emandako aurkezpenera joateko. Sistemak aldez aurretik eta esku-hartzeetan egindako gaikako dokumentazio guztia kudeatzen du, tenplu osoa hiru dimentsiotan eta zehaztasunez marraztuta izatea ahalbidetu duen eredu fotogrametrikoaren laguntzaz, baita azken hamabi urteetan egin diren indusketa-lan guztiak ere, aztertzea eta euren jarraipena egitea ahalbidetuz.