21/10/2011
Vitoria-Gasteiz, 2011 urriaren 21a.- Santa Maria katedral bihurtzeaz 1862ko apirilean eta XX. mendean beste katedral batekin izan zuen elkarbizitzaz ariko da ´Harrizko erroak´ komikiaren hirugarren alearen argumentua. Gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez argitaratu da eta dagoeneko eskuragarri dago 5 euroren truke Bisitariak Hartzeko Zentroan eta Santa Maria Katedraleko dendan (Eskola kalea, 11).
Gaur aurkeztu du Santa Maria Katedrala Fundazioak ´Harrizko erroak´ komikiaren hirugarren zenbakia. Santa Maria Katedrala nola sortu eta hazi zen kontatzen da bertan. Ale hau, aurrekoak bezala, Saure argitaletxeak editatu du eta Joseba Gomezen gidoia eta Iñigo Sarasolaren ilustrazioak ditu. Euskal Herriko Unibertsitatearen Ondare Eraikiaren Ikerketa-taldearen aholkularitza izan dute. Gainera, Arabako Foru Aldundiaren inprentan argitaratu da. 500 ale argitaratu dira gaztelaniaz eta 450 ale euskaraz, ingelesez eta frantsesez.
Lehen alean, Santa Maria Katedralaren eraikuntzaren hasiera kontatu zen; bigarrenean, kolegiata maila eskuratzen zuenetik, XV. mendearen amaiera aldetik, XIX. mendearen erdialdera arte gertatutakoa kontatu zen. Hirugarren ale hau, berriz, San Mariako jarduera handiko garai batean kokatzen da, Gasteizen bigarren katedrala eraiki zen garaian, alegia.
1856ko urtarrilaren 20an, Kolegiataren dorrean izandako sute beldurgarri batek abiarazi zituen XIX. mendeko bigarren erdian Martin Saracibar arkitektoak zuzendu zituen kolegiataren egonkortasuna mehatxatzen zuten egitura-mugimendu kezkagarriak gelditzeko lanak. Une gogoangarrienetako bat 1862ko apirilaren 28an izan zen, Santa Maria katedral bihurtu zenean. Elizbarrutiaren egoitza zenez, maila garrantzitsua eskuratu zuen eta Gasteizen garapeneko etapa erabakigarri bat hasi zuen.
Alabaina, mende berriarekin eta Alde Zaharretik kanpoko biztanle-mugimenduekin, Maria Sortzez Garbiaren katedrala eraikitzea erabakitzen da. Prozesu hura eten egin behar izan bazen ere, 40ko hamarkadan berriro ekin zitzaion. Horrela, 60ko hamarkadara iritsi zen, Santa Marian jarduera frenetikoa zen Manuel Lorente arkitektoaren eskutik. Une horretan kendu ziren, hain zuzen zere, nabe nagusiko beldurraren arkuak eta alboko nabeetan metalezko tiranteak jarri ziren eta kontrahormak kendu ziren. Gaur egun jakin dugu esku-hartze horietako batzuk, bere garaian kontrakoa uste bazen ere, ez ziotela batere mesederik egin eta mugimenduak berraktibatu zirela.
Komikia 90eko hamarkadan amaitzen da bazterrera utzitako katedral batekin eta galdera hauxe airean utzita: lortuko ote du ahazteak gerrek eta suteek orain arte lortu ez dutena? Nahiz eta eraikinean bere distira berreskuratzeko azken urteetan egindako lanak ikusita, erantzunak erraza dirudien.