2011/10/28 Fundazioko ordezkariak zentro historikoak biziberritzeari buruzko kongresuan parte hartzen ari dira eta, bereziki, eraikitako ondarea argiztatzeko moduari jarriko zaio arreta
Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 28a.- Santa Maria Katedralaren elizpeko polikromien bilakaera irudikatzen duen argi eta kolorezko ikuskizuna aurkeztuko dute aste honetan 300 partaide baino gehiago Mexikon egiten ari diren zentro historikoak biziberritzeko biltzar batean. Lehen aldiz aurkeztuko da Gasteizko tenplua Erdialdeko Amerikako herrialdean.
Nazioarteko Garapenerako Laguntzaren Agentzia Espainiarraren menpe dagoen Mexikoko Espainiako Kultura Zentroak eta Mexikoko Antropologiaren eta Historiaren Institutu Nazionalak antolatu dute Mexiko Hirian eta Oaxacan egiten ari den zentro historikoak biziberritzeko X. topaketa. ´Zentro historikoetako argi-itzalak´ izenburupean, Mexikoko, Espainiako, Italiako, Frantziako, Kolonbiako eta Brasilgo 300 aditu ondarea berreskuratzeari eta haren balioa handitzeari buruz eztabaidatzen ari dira. Zehatzago esateko, batez ere, eraikitako ondarea argiztatzeko eta mantentzeko moduari buruz jardungo dute edizio honetan.
Testuinguru honetan, Santa Maria Katedralak atariko polikromiak berreskuratzeko proiektua aurkeztu du, interes handi piztu duen ekimen berritzailea izan da, duen ikusgarritasunagatik eta ez duelako soilik monumentua argiztatzen, iraganari buruzko informazio asko ere ematen baitu.
Europan bakarra den ikuskizuna
2009ko maiatzetik aurrera, Paternina kaperak, elizpearen aurrealdean dagoenak eta eraikitzea eskatu zuen abadearen ohoretan hala deitzen denak, bere kolorea berrekuratu du, XVI. eta XX. mendeetako polikromien bilakaera erakusten duen bideo digitalezko proiekzio-sistema sofistikatu bati esker. Argi eta kolore ikuskizun ederra da, Europako bakarra eta Gasteizko tenpluaren bisita-eskaintza handiagotu du.
´Argiaren elizpea´ izeneko ikuskizuna iraganera egindako bidaia da, denborak Santa Maria Katedralari kendu dion eta teknikoki gaur egun desagertutako polikromia historikoen proiekzio digitalaren bidez berreskuratu den kolorearen bila egindakoa.Prozesu honetan, halaber, erabakigarriak izan dira elizpea zaharberritzeko egindako azterketak.Urteetako lana eta hainbat arlotako profesionalen talde zabalaren inplikazioa behar izan dira, orain arte erabili den berreskuratze kromatikoaren kontzeptua irauli eta bisitariek Paternina kaperan aurkitu diren estilo piktorikoen eta kromatikoen bilakaera historikoa ikusteko aukera eskaintzen dion argi eta soinu ikuskizuna sortzeko.