Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

13/12/2011

Santa Maria Katedrala Fundazioak sakristiari buruzko konferentzia eskainiko du eta, Gabonetan, bisitentzako irekiko du

2011/12/13 Bisitaldiek 3 €-ko prezioa izango dute eta dagoeneko erreserba daitezke 945 255 135 zenbakian

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 13a.- Beste urtebetez, Santa Maria Katedraleko sakristia nagusia jendearentzako irekiko da Gabonetan zehar. Halaber, 1734tik 1736ra artean eraiki eta 2008an zaharberritu zen Barroko estiloko gune hau hobeto ezagutzeko, bihar, asteazkena, konferentzia interesgarri bat izango da iluntzeko 20:00etatik aurrera Goiuri Jauregian eta sarrera doan izango da.
 
Santa Maria Katedrala Fundazioak aukera bakarra eskaintzen du Gabon hauetan. Abenduaren 17tik urtarrilaren 8ra arte, eta goizez eta arratsaldez, tenpluaren sakristia nagusia bisitatu ahal izango da. Gaur egun, bisiten zirkuitutik kanpo dagoen gune bat. Ondare-balio handiko gune bat ezagutzeaz gainera, Esteban de Agredaren jaiotza neoklasikoa erakusten da. Jaiotza sakristian erakusten da. Haurtxoa duen Ama Birjina, San Jose, hiru artzain eta hiru animalien figurek osatzen duten multzo neoklasiko delikatua. Bisitak 3 €-ko prezioa izango dute eta aldez aurretik 945 255 135 telefonoan edo Katedralaren Bisitariak Hartzeko Zentroan erreserbatu behar da.

 
Era berean, Fundazioak biharko, asteazkenerako, konferentzia interesgarria antolatu du, ´Santa Maria Katedralaren sakristia. Historia eta Zaharberritzea´. Hizlariak Juan Ignacio Lasagabaster, arkitektoa eta Fundazioaren zuzendaria, Diana Pardo, Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuko zaharberritzailea, eta Fernando Bartolome, EHUko Artearen Historiako irakaslea. Iluntzeko 8:00etan hasiko da Goiuri Jauregiko Martin de Salinas aretoan eta sarrera doakoa izango da.

Katedralaren sakristia nagusia
 

XVI. mendeko eraikin baten erreferentziak badaude ere, Santa Maria Katedraleko sakristia nagusiaren zati handiena 1734tik 1736ra eraiki zen, oraindik kolegio-eliza zenean. Lauki zuzen formako zorua du, angelu alakatuekin eta laranja erdi formako ganga eliptikoarekin. Sakristia kalonje jaunentzako bideratu zen. Eraikitzeko unean, Katedralaren aurrealdean dagoen harresi zatia apurtu zen.

 
Ikerketen emaitzek zazpi aldiz margotu direla adierazten dute, nahiz eta interesgarriena eta kalitate handienekoa lehenengoa izan. Gangaren barnealdea eta hormak zaharberritzerakoan eta sakon-sakonetik saneatzearekin batera, erliebeen eta armarriaren xehetasunak berreskuratzen eta Barroko garaiko ezaugarri kromatikora hurbiltzen saiatu zen.

 
Sakristiaren barruan, lau tiradera-altzari, beren atzeko aldearekin, eta erdiko mahai handi bat daude. Elementu horiek apaingarri, liturgia-apaindura eta kulturako edalontzi sakratu guztiak gordetzeko egin ziren. Egiaztatu izan denez, gaur egungo tiradera-altzariak eraikitzeko teknikak XIX. mendekoak dira eta, beraz, lehen zegoen XVIII. mendeko bat ordezten dutela pentsatzen da. Atzeko aldeak lehenago egin ziren, 1734an, eta sakristiaren jatorrizko Barroko estiloko altzariena da.
 

Sakristiako altzariak zaharberritu ostean, atzeko aldeen jatorrizko polikromiak berreskuratu ziren. Arabako lan goiztiar eta ausartena da, dekorazio-ildoari dagokionean. Protagonista nagusiena eszena txinatarren multzoa dira; zutabeen eta hondoen fusteak estaltzen dituzte, hondo urdinean daude eta zilar- eta urre-koloreko marrazkiak dituzte.
 

Atzeko aldean apostoluekin osatutako marrazki batzuk daude zutabeen artean eta San Bartolome, San Felipe, Santiago zaharra, Santo Tomas, San Pablo, San Mateo, San Juan, San Simon, San Pedro, San Pedro gaztea eta San Andres adierazten dituzte. Lau atzeko aldeetako bakoitzeko erdiko kutxetan ere Paduako San Antonio, San Bizente Ferrer, margotutako Gurutziltzatu bat eta San Juan Nepomuzenokoa daude. Beste pieza artistiko aipagarri batzuk elizaren aitak eta doktoreak ageri diren zortzi domina dira. Erloju ingeles bat ere mantentzen da, XVIII. mendearen erdialdekoa ziurrenik.