2012/01/23 Hizlaria Leopoldo Gil Cornet izango da, Vianako Printzea erakundeko arkitektoa
Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 23a.- Iruñeko Katedrala izango da Santa Maria Katedrala Fundazioa tenpluei buruz egiten ari den hitzaldi-zikloko konferentzia berriaren protagonista bihar.Nafarroako hiriburuko katedral multzoan jarriko du arreta Leopoldo Gil Cornet arkitektoaren hitzaldiak. Gogoratu bere klaustroa Europako garrantzitsuenetako bat dela.Iluntzeko 20:00etan izango da Goiuri jauregian. Bere web-orrian deskribatzen den moduan, hiru arrazoik gailentzen dute Iruñeko katedral multzoa bere elizbarrutiko elizen edo beste hiri batzuetako katedralen artean: bere garrantzia erlijiosoak, katedralak gotzainaren katedra duelako eta, ondorioz, elizbarrutiko elizen buru eta liturgia-bizitzaren erdigune delako; bere balio artistikoak, Nafarroako Gotiko garaiko monumentu multzo garrantzitsua da eta bere klaustroa garrantzitsuenetako bat da, izan ere, beste katedral batzuetan Errenazimendu garaian eraitsitako komunitate-bizitzako gelak mantentzen baititu; eta hirugarrenik, antzinako Nafarroako Erreinuan izan zuen paperagatik, erregeen koroatzeak, errege-ezkontzak eta horien ehorzketa asko hartu baitzituen baitan.
Hizlaria Leopoldo Gil Cornet (Bartzelona, 1952) izango da, Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea erakundearen Ondare Historikoaren Zerbitzuko arkitektoa eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako zaharberritze eta birgaitze espezializazioko irakaslea eta koordinatzailea. Partal akademiako, Monumentuak Zaharberritzeko Profesionalen Elkarte Libreko, kidea da eta, 1998an, Kultura Ondarea Zaharberritzearen eta Kontserbatzearen Sari Nazionala eskuratu zuen. Vianako Printzea erakundeko arkitekto gisa, Nafarroako hainbat monumentu kontserbatzeko proiektu idatzi eta zuzendu ditu; besteak beste, Orreagako Kolegiata Erreala; Iruñeko harresiaren Frantziako frontea; Uxueko Ama Birjinaren Santutegia; Noiango akueduktua, Torres del Ríoko Hilobi Santuaren eliza eta Yarteko antzinako monasterioaren eliza.
Bestalde, Vianako Printzea erakundea 1940an sortu zen eta, hasiera-hasieratik, ondare historikoa zaharberritzean, mantentzean eta zaintzean jarri zuen bere jardueraren arreta, baita Nafarroako kulturako hainbat alderdi aztertzean, ikertzean eta hedatzean ere. Azken hirurogeita hamar urteetan, sorreran zehaztutako funtzioak mantendu ditu eta foru-erkidegoko ondare historikoa defendatzeko jardueran erreferente garrantzitsu bihurtu da.
´Iruñeko Katedrala eta hiriarekin duen harremana´ arratsaldeko 20:00etan hasiko da Goiuri Jauregiko Martin de Salinas aretoan. Sarrera doan izango da aretoa bete arte.