Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

10/05/2012

Santa Maria Katedrala Fundazioak ‘Kontzertua eta irekita’ zikloaren denboraldi berria inauguratuko du

2012/05/10 Hamabi emanaldi interesgarri programatu dira eta, besteak beste, Carlos Menak zuzendutako Santa Mariako Musika Kapera, Andrea Motisen, Joan Chamorroren eta Josep Traverren taldea edo Rafa Rueda nabarmentzen dira

Santa Maria Katedrala Fundazioak 'Kontzertua eta irekita' denboraldi berria inauguratuko du datorren larunbatean, maiatzaren 19an. Ekimen honek Gasteizko tenplua oso bestelako musika-proposamenen agertoki bihurtzen dute. Aurten 12 errezitaldi baino gehiago eskainiko dira eta, besteak beste, Santa Mariako Musika Kaperaren, Andrea Motisen, Joan Chamorroren eta Josep Troverren taldearen edo Rafa Ruedaren ekitaldiak hartuko ditu bere baitan. Sarrerak gaur bertan jarriko dira salgai Bisitariak Hartzeko Zentroan.   

Iciar Lamarain Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak, Juan Ignacio Lasagabaster zuzendari-gerenteak eta Carlos Mena Santa Mariako Musika Kaperako zuzendariak aurkeztu dute gaur prentsa-aurrean 'Kontzertua eta irekita' denboraldi berria.   

Kalitatezko musika-programazioa Santa Maria Katedrala gisako ingurunean eskaintzeko helburuarekin jarri zen martxan ekimen hau. Zentzu horretan, musika-estilo desberdinak barne hartu, eta lurraldeko balio gazteak lagundu nahi dira, beren karreren abiapuntu izan daitekeen leku bat eskainita. Dagoeneko izena duten artistek agertoki berezi eta desberdin batean jarduteko aukera dute. Askok eta askok nabarmentzen duten plusa izan ohi da berori. Gainera, euskarazko musikak protagonismo berezia du. Santa Mariako Musika Kapera babestu eta indartu ere egin nahi da. Talde honek katedralaren musika-artxibo baliotsua dibulgatu eta musika garaikideko pieza berriekin aberastu nahi du. Horrela, tenplua horrelako proposamen moten eszenatoki gisa ere finkatzen da.  

Aurten, berrikuntza gisa, Carlos Menak zuzendutako kantu-ikastaro bat antolatu dugu. Bertan, XVIII. mendeko kantata italiarrak landuko dira. Ikastaroa uztailaren 30etik abuztuaren 3ra egingo da Luis Aranburu Udal Musika Eskolan, eta landutako lana katedralean abuztuaren 3an egingo den kontzertu pedagogikoan islatuko da. Ikasle aktibo edo entzule gisa bertaratzeko aukera eskainiko da. Lekuak mugatuak dira. Beraz, ekainaren 11 baino lehenago izena eman beharko da Santa Maria Katedrala Fundazioan.   

Hain zuzen ere, denboraldia maiatzaren 19an, larunbatean, abiatuko da Santa Mariako Musika Kaperaren saioarekin. Kontzertua Carlos Mena kontratenor gasteiztar ospetsuak zuzenduko du. Kaperak Po-lif-onia deritzon ahots-musika erlijiosozko programa aparta interpretatuko du hainbat ahotsetan nabe zentralean. Menaz gainera, David Sagastume kontratenorra, Lluis Villamajó tenorra eta Daniele Carnovich baxu italiarra igoko dira eszenatokira.   Ekainaren 14an, beste urtez batez, Luis Aranburu Musika Eskolako ikasleen ikasturte amaierako entzunaldia izango da. Kontzertu erakargarri honetan, ikasturtean zehar ikasitakoa erakutsiko zaio publikoari.   Bi egun geroago, ekainaren 16an Canta Cantorum taldearekin gozatu ahal izango da. Abesbatza Gasteizen sortu zen 2001ean, Vedruna musika-eskolarekin lotutako hainbat guraso eta irakasleren laguntzari esker. 55 pertsonek osatzen dute eta hainbat estilotako abestiak interpretatzen dituzte: eliz musika, herri-folklorea, Gabonetako abestiak, egokitutako abesti garaikideak... Nagore Alangua eta Silvia Hernándezek zuzentzen dute abesbatza.   Denboraldiko saio nagusietako bat ekainaren 23an izango da, Andrea Motis & Joan Chamorro & Josep Traver-en ñabardurez betetako ikuskizuna. Abeslaria, tronpeta-jolea eta saxofoi-jolea, Motis Europako big band gazteeneko kide da, Sant Andreu Jazz Band-ekoa. 16 urterekin dagoeneko hiru disko editatu ditu eta ehunka kontzertu eskaini ditu. Quincy Jones bera ere harrituta utzi zuen. Hainbat instrumentu jotzen dituen Joan Chamorro-ren eskutik eta Jose Traver-ek gitarra jotzen duela, jazz klasikoko abestidun kontzertua eskainiko dute 'Over the rainbow', My one and only love' edo 'Basen street' betiko izenburuekin nahasita.   Ekaina, Atenaide Ensemble taldeak amaituko du. Hilaren 30ean izango da, eta jatorrizko musika-tresnekin Barrokoko musika jotzen duten musikari belaunaldi berri batek osatutako taldearekin gozatu ahal izango da. Leonor de Lera eta Miren Zeberiok (biolin-joleak), Lixsania Fernándezek (zango-biola) eta Patricia Gonzálezek (klabea) osatzen dute.  Uztaileko kartela Paloma Berganza Trío hirukoteak (hilaren 7an igoko da agertokira), Napoka Iriak (hilaren 14an) eta Rafa Ruedak (hilaren 21ean) osatuko dute. Abuztuan, bestalde, beste bi errezitaldi izango dira. Hilaren 3an, Andre Zuriaren jaien atariko gisa, Carlos Menak zuzendutako Kantu-ikastaroko ikasleen kontzertu pedagogikoa eskainiko da eta, hilaren 18an, Aoidé taldea izango da, Esther Gómez-Herreruela gasteiztarrak (biolina) eta Juliette Commeaux frantsesak (harpa) osatutakoa. Irailean, hilaren 1eko Gala lirikoarekin eta hilaren 8ko Concerto Donostiarrarekin amaituko da programa  

Sarrerak dagoenek salgai
  Kontzertu guztien sarrera 6 €-koa izango da, 3 €-koa Santa Maria Katedraleko Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzako eta iluntzeko 20:00etan izango dira. Luis Aranburu Musika Eskolako entzunaldia izan ezik. Kontzertu hori doakoa izango da, baina gonbidapena jaso beharko da, eta iluntzeko 19:30etan hasiko da. Berrikuntza gisa, eta sarreren banaketa errazteko, kontzertu guztietarako sarrerak hasieratik jarriko dira salgai. Gaurtik aurrera eskura daitezke Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plaza), astelehenetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.