17/05/2012
Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 17a.- Santa Mariako Musika Kaperak inauguratuko du 'Kontzertua eta irekita' zikloaren denboraldi berria larunbatean. Ziklo honek, urtero, hainbat musika-proposamenen eszenatoki bihurtzen du Santa Maria Katedrala. Bertaratzen direnek bi, hiru eta lau ahotsetako ahots-musika programaz gozatu ahal izango dute tenpluaren erdiko nabea bezalako eszenatoki garrantzitsuan. Sarrerak salgai daude 6 €-ko prezioan, 3€ Fundatzaileen Zirkuluko bazkideen kasuan.
Carlos Mena kontratenore famatuak zuzendutako Santa Mariako Musika Kaperak inauguratuko du, iluntzeko 20:00etatik aurrera, hamabi ikuskizun interesgarri eskainiko dituen aurtengo zikloa. David Sagastume kontratenore gasteiztarraren, Lluís Villamajó tenorearen eta Daniele Carnovic baxuaren laguntzarekin, 'Po-lif-onia' deritzon ahots-musika erlijiosoko programa eskainiko du lau ahotsetara. Codex Calixtinus ezezagunak, Perotin, di Lasso, Antxieta edo Machaut-en piezak ditu programak. Aukera bakarra da ahots-idazkera erlijiosoaren jaiotza eta bilakaera ezagutzeko, gutxiago ezagutzen den jatorritik polifonia ezagunenetara arteko bidaia egiten baita.
Carlos Mena 1971n jaio zen eta kontratenore bikaineko bat da. Basileako (Suitza) Schola Cantorum Basiliensisen hezi zen Richard Levitt eta René Jacobs irakasleekin. Musika-ibilbide zabala du eta, besteak beste, parte hartu du Händelen 'Radamisto' operan paper nagusiarekin, Monteverdiren Orfeon edo Hándelen Il Trionfon. Halaber, munduko areto ezagunenetan aritu da, hala nola Vienako Konzerthausen, Buenos Airesko Teatro Colónen, New Yorkeko METen edo Tokioko Opera City Hallen. Era berean, diskografia zabala du eta irakaskuntzan ere denbora luzean ibili da.
Bere alboan izango ditu David Sagastume gasteiztarra, bakarlari gisa jardun duena 'Los Ministrile de Marsias', 'Camerata Iberia', 'Speculum' edo 'Les Sacqueboutiers de Toulouse' taldeetan; eta Lluís Villamajó tenore katalana Montserrateko Eskolanian eta Bartzelonako Goi Mailako Udal Musika Kontserbatorioan hezi zena, eta gaur egun, Capella Reial de Catalunya eta Herpérion XXI taldeetako kide dena. Laukotea Daniele Carnovich baxu italiarrarekin osatzen da. Carnovichek flauta ikasketak egin zituen eta, gero, konposizioa eta kantua ikasi eta Barrokoko errepertorioan espezializatu zen. Gaur egun, Capella Reial de Catalunyako baxu titularra da.
Errezitaldi honetarako sarrerak dagoeneko salgai daude Bisitariak Hartzeko Zentroan (Burulleria plaza) astelehenetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Gainerako kontzertuetako sarrerak ere eskura daitezke. 6 euroko prezioa dute, 3 eurokoa Katedraleko Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzat.
'Kontzertua eta irekita' zikloa Santa Mariako Musika Kaperak inauguratzeak Fundazioak katedralaren musika-artxibo baliotsua zabaldu eta musika garaikideko pieza berriekin aberasteko berreskuratu duen taldea bultzatzeko nahiari erantzuten dio.