2012/06/19 Asteburu honetatik aurrera, irailean eta urrian, Pilareko zubira arte, gaueko bisitak egingo dira ostiraletan eta igandetan. Uztailean eta abuztuan, berriz, egunero egingo dira
Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 19a.- Ostiral honetan berrekingo da Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko harresira egindako bisita gidatuen programa. Egun horretatik aurrera eta hila amaitu arte, eta irailean eta urrian, Pilareko zubira arte, ostiraletan eta larunbatetan egingo dira gaueko ibilaldiak. Uztailean eta abuztuan, berriz, egunero. Ekimena udalak bultzatu eta Santa Maria Katedrala Fundazioak kudeatzen du.
Uda datorrela aprobetxatuz, eta Erdi Aroko Alde Zaharra hiriko jarduera kultural eta turistikoaren epizentroa izateko asmoz, Erdi Aroko harresia, beste behin ere, gauez irekiko da asteburu honetan. Bisita gidatuen ohiko eskaintzari gauekoak gehituko zaizkio, harresidun esparruaren beste ikuspegi bat lortu ahal izateko.
Ostiral honetan hasi eta hilaren amaierara arte, irailean eta urriaren 13ra arte, gaueko bisitaldi gidatuak izango dira ostiral eta larunbat guztietan, gaueko 10:00etan. Uztailean eta abuztuan, egunero egingo dira ordu horretan bertan. 5 euroko prezioa eta ordubeteko iraupena izango dute ibilaldiek eta San Migel elizaren atzealdean zaharberritutako harresiaren zatian hasiko dira. Gune hori zeharkatu ostean, gehienez, hogeita hamar pertsonako taldea Eskoriatza-Eskibel jauregiaren atzealdeko zatira joango da. Bertan, berreskuratutako lehen zatia eta lorategi botanikoa ikusi ahal izango dituzte. Bisita amaitzeko, harresiaren historiari eta zaharberritze-proiektuari buruzko proiekzio bat emango da harresia bera mihise hartuta.
Bisita horiek egunez 12:00etan, 13:15etan eta 18:00etan egiten diren egunekoekin egiten dute bat. Erreserbak Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plaza), www.catedralvitoria.com webgunean edo 945 255 135 telefono-zenbakian egin daitezke.