Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

26/06/2012

Santa Maria Katedrala XVII. eta XVIII. mendeetara itzuliko da larunbatean, Atenaide Ensemble taldearen eskutik

2012/06/26 Barrokoko musikaren errezitaldia eskainiko dute jatorrizko instrumentuak joz. Iluntzeko 20:00etan hasiko da eta sarrerak salgai daude Katedralaren Bisitariak Hartzeko Zentroan

Santa Maria Katedrala elizpea Barrokoko soinuekin beteko da larunbatean Atenaide Ensemble taldearen eskutik. ‘Kontzertua eta irekita’ zikloaren barruan, Iruñean egoitza duen taldeak errepertorio zaindua interpretatuko du jatorrizko instrumentuekin. Iluntzeko 20:00etan hasiko da.

Atenaide Ensemble gure herrialdean jatorrizko instrumentuekin antzinako musika jotzen duten musikari-belaunaldi berriaren eta oparoaren parte da. Barrokoko musika loratzen eta zabaltzen laguntzeko desioak bultzatuta bildu ziren partaideak. Goi-mailako musikariak dira, Europako hainbat Barrokoko talde eta orkestra ezagunetako kolaboratzaileak dira. Gainera, heziketa eta esperientzia zabala dute. XVII. eta XVIII. mendeetako errepertorioa zabaltzea dute xede. Hori guztia energia, inspirazio eta musika-emozio dosi altuekin.

Atenaide Ensemble taldea Leonor de Lerak eta Miren Zeberiok (Barrokoko biolin-joleak), Lixsania Fernándezek (zango-biola) eta Patricia Gonzálezek (klabea) osatzen dute. Leonor de Lera 6 urterekin hasi zen biolina jotzen Madrilgo Erkidegoko Kontserbatorioan. Geroago, Londresen jarraitu zituen goi-mailako ikasketak Guildhall School of Music and Drama eskolan eta, handik gutxira, eta antzinako musikarekiko interesak bultzatuta, Barroko biolinean espezializatu zen. Hainbat ikastaro eta masterclass-etan hartu du parte. Horrela, maila handiko espezialistekin zabaldu ditu ikasketa eta hainbat taldetan jo du.


Miren Zeberiok heziketa zabala du hala biolin modernoan nola Barrokokoan. Gaztea bada ere, nazioarteko karrera egin du eta hainbat izen handiko orkestretan jo du, Orquesta de Cámara Reina Sofía orkestran, esaterako. Horrela, Europako auditorio eta jaialdietan jo du. Azken urteetan Barroko biolina soilik jo du eta horrek antzinako musikako talde garrantzitsuen arreta piztu du. Halaber, gaur egungo musikarekiko eta musika tradizionalarekiko interesak eta loturak Dulca Pontes edo Kepa Junkera gisako talde eta musikariekin kolaboratzera eraman du nazioarteko biretan.

Bestalde, Patricia González, pianoa, konposizioa eta zeharkako txirula jo ostean, Sevillara joan zen klabea ikasi eta musikologian lizentziatzera. Organoko, baxu jarraituko eta inprobisazioko ikasketak amaitu ditu, baita tenperamentuarenak eta instrumentuen mantentzea ere. Espainian, Herbehereetan eta Ingalaterran jo du ganbera-taldeekin eta orkestrekin, eta izen handiko zuzendariekin kolaboratu du. 2008an, musika-edizioko proiektu pertsonal bat hasi zuen creative commons lizentziapean.

Taldea Lixsania Fernández kubatarrak osatzen du. Zango-biola Sevillan, Bilbon eta Habanan ikasi zuen eta nota altuak atera zituen. Instrumentuari buruzko hainbat ikastaro eta mintegitan hartu du parte, eta herrialde askotako jaialdietan kontzertuak eskaini ditu. Sarritan ensemble eta ganbera-taldeekin kolaboratzen du, eta hainbat disko-etxerekin grabaketak egin ditu.

Santa Maria Katedralean, programa hau joko dute:

“Giro Musicale”

Sonata sopra la Monica:Biagio Marini
Passacalle a 3:Andrea Falconiero
Folias echa para mi Señora Donna Tarolilla de Carallenos:Andrea Falconiero
Suite en la mineur, Troisième Livre 1711,Prelude- Grand Ballet:Marin Marais
Hortus Musicus: Sonata Prima in la minore:J.A. Reinken
Trio Sonata V:Henry Purcell
Chaconne de la deuxième recreation en musique Op.8:Jean-Marie Leclair
Trio sonata in re minore op.1 no. 12, RV 63 'LaFolia':Antonio Vivaldi

Errezitaldi honetarako sarrerak dagoeneko salgai daude Bisitariak Hartzeko Zentroan (Burulleria plaza) astelehenetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. 6 euroko prezioa izango dute, 3 eurokoa Katedraleko Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzat.