Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

02/08/2012

Santa Maria Katedralak hiru gune berri irekiko ditu publikoarentzako: dorrea, nabeak eta kripta

2012/08/02 Egindako lanei esker, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak ere joan ahal izango dira dorrera eta kanpaien gorputzean dagoen begiratokiraino igo ahal izango dira   

           Vitoria-Gasteiz, 2012ko abuztuaren 2a.-  Santa Maria Katedralak hiru gune berri irekiko ditu larunbatean jendearentzako zaharberritutako guneetan. Dorrea, nabeak eta kripta irekita, tenpluak nabarmen zabalduko du hiriko monumentu esanguratsuenerako bisiten eskaintza. Gainera, mugikortasun-arazoak dituzten pertsonak dorreko begiratokira joan ahal izango dira. Erreserbak dagoeneko egin daitezke 945 255 135 telefonoan, Katedralaren Bisitariak Hartzeko Zentroan edo www.catedralvitoria.com webgunean. Berritasun gisa, lehen aldiz argazkiak atera daitezke ibilbide osoan zehar.  

Dorrea

Dorrearen zaharberritzea 2007. urtean hasi zen eta, duela gutxi amaitu da, barrualdean edonork bisitatu eta iristeko moduan egokitu denean. Horretarako, eskailera berri bat eraiki da eta, lehen, zoko bihurri eta karakolezko eskailera meharretatik barrena soilik iritsi zitezkeen tokietara irits daiteke. Gainera, instalatu den barne-igogailuari esker, mugikortasun-arazoak dituzten pertsonak eta publikoa, oro har, kanpandorrera igo daitezke. Bertako perimetro osoan dagoen balkoia hiriko eta inguruko begiratoki berria izango da. 

Larunbatetik aurrera, dorrearen barreneko lau mailak zeharkatu ahal izango dira. Abiapuntua 2010. urtean eraikitako igogailuetan hasten da, Santa Maria kantoian. Hortik, bisitariak katedralaren elizpea inguratzen duen aldamiora igotzen dira, Santa Maria plazara ateratzen den balkoiaren bidez lehen mailara iritsi aurretik.

 Lehen maila horretan, eskailera berria eta tarteko aretoetara eta kanpandorrera eramaten duten barne-igogailuaren hasiera dago. Eskailera berria 9 metroko altuerara altxatzen da gune handi batean. Haritz laminatuzko egurrean eraiki da eta altzairu herdoilgaitzezko eta egur trinkozko egitura mistoa du. Eskaileretatik igoz gero, dorrearen barneko hormak eta egurrezko egitura historikoak ikus ditzakezu. Etorkizunean, eta gunea erakusketa-areto handi bat bihurtuko denez, bisitaria elizpearen estaldura berrien gainean dagoen argizulora atera ahal izango da.
  
Bigarren maila tarteko aretoetako lehenengoan dago. Bertan, antzinako leihate bat irekitzen da plazara eta, egokituko den balkoi berri bati esker, etorkizunean katedralaren teilatuak zaharberritzeko lanak ikusi eta bisitatu ahal izango dira. Solairu horretatik aurrera, zaharberritu den dorrearen antzinako eskaileratik jarraitzen da igoera. Eskailerak jatorrizko fisonomia irregularra jarraitzen du eta beste garai batzuetako egituren xarma mantentzen du.  

Hirugarren maila tronpen solairuan aurkituko dugu, kono formako hargintza-elementuak dira eta kapitelaren eta kanpandorrearen dorre oktogonaleko gorputz nagusiaren forma angeluzuzenaren trantsizioa egiten duten konoak dira.

 Puntu horretan, laugarren maila antzinako eskailerara joaten da. Kanpandorrean, dorreari bira osoa eman dakioke eta hiriaren eta Arabako Lautadaren 360º-ko ikuspegi zirraragarria izan daiteke, Gasteizko puntu altuena berori baita: Santa Maria plazatik, Alde Zaharreko gune altuenetik, 40 metroko altueran dago.

  Nabeak

Bihartik aurrera bisitariak ezagutu dezakeen beste erakargarrietako bat tenpluaren burualdea da, oraindik ere zaharberritzen ari dena. Bisita ez-gidatuen bidez, baina azalpen-liburuxka zabal batekin, girola eta transeptuaren zati bat zeharkatu ahal izango da. Dagoeneko amaitu da zorua berreskuratzen, eta beren artean batzen diren hargintzazko arku- eta kate-sistema bat eraiki eta zutabeen zimenduak indartu dira. Era berean, haritzezko bigekin eta egur bereko tarimarekin egindako egiturarekin forja laguntzen dute.  Aldare nagusiaren eremuan bi koloreko kareharriarekin eraikitako ganga berria bat eraiki dela ikus daiteke. Ingerada zuria du eta zati nagusia gris-beltza da. Zati nagusi hori granito beltzezko zutabe monolitiko multzo baten gainean sostengatzen da. Ganga, berriro ere, katedralaren zaharberritze-proiektuaren eraikuntza-elementu bitxienetako bat izango da. Gaur egun gutxi erabiltzen den eraikuntza mota da, baina ederki egokitu daiteke ezaugarri horiek dituen monumentu baten eraikuntza- eta egitura-funtzionamendura. Ganga eraiki aurretik, abuztuan Markinako (Bizkaia) kareharrizko dobela handiak jasango dituen egurrezko zinbria nola ezartzen den ikusi ahal izango da.  Gune horiek zeharkatutakoan ikus daiteke oraindik asko dagoela egiteko katedralean; izan ere, maila horretatik gora eta gangetaraino, egitura egonkortzeko presazko lan batzuk soilik besterik ez dira egin, eta horma, ganga, beirate, hilobi eta estatua guztiak zaharberritu behar dira. 

Zorupeko aretoak

Eta zoru berriaren azpian ere zaharberritze-lan handiak egin dira eta gurutzadurako ganga handia eraikitakoan amaituko da. Santa Mariaren eta Aiztogile kalearen arteko orografiaren desnibel handia 2004. eta 2008. urteen artean egindako indusketetan kendutako arkeologia-aztarnekin eta lurrekin beteta zegoen katedralaren barnean. Horrela, transeptuaren eta girolaren eremuan gune handia berreskuratu da eta orain hobeto ikus daiteke bisita gidatuen zirkuituan. Aiztogile kaleko sarreratik girolaren kaperen azpiko erakusketa-aretoetara iritsiko zara. Bertan, tarteko altuera bat sortu da kareharri griseko hargintzan egindako ganga zabal batean. Altuera hori bisitagarria da eta, etorkizunean, katedraleko aztarna historiko zaharrenak eta bere orubea bisitatu ahal izango dira.  

Bisita sorta zabala
 

 
Gune horiek irekitzearekin batera, nabarmen zabaldu da Santa Maria Katedralak eskaintzen dituen bisiten eskaintza. Hauek dira:  

Katedrala (8 €)
Katedralaren jatorrizko bisita gidatuarekin tenpluaren eraikitze-faseak, mendeetan izan dituen arazoak, lan arkeologikoak eta arkitektonikoak eta etorkizuneko proiektuak, errondako pasagunea, elizpea... ezagutzen dira. Bisitarekin hargintza-lanen bilakaera jarrai daiteke, presbiterioaren zorua osatuko duten kripta berriak estaliko dituen ganga handiaren eraikuntzarekin eta dagoeneko amaitzen ari den egurrezko zoru berria jartzea. 8 euroko prezioa du.

 Dorrea (5 €) eta Dorrea + Katedrala (10 €)
XV. eta XVII. mendeen artean eraiki zen, XIX. mendeko sutearen ondorioz berritu eta azken urte hauetan zaharberritu da Santa Maria dorrea, hiriko punturik altuena da, bere 60 metroko altuerarekin. Ondorioz, talaia bikaina da hiri guztiaren eta Arabako Lautadako ikuspegi zoragarriekin gozatzeko. Dorrean instalatutako igogailuei esker, pertsona oro irits daiteke bertara orain. 

Nabea (2 €)
Zeharkatu nabearen indusketak estaltzen dituen zoruaren 800 metro koadroak. Tenplua bisitatzen duten pertsonek libre (gidarik gabe) sar daitezke gune horretara, azalpen-liburuxka batekin. 

Haurrentzako bisitak
 
(12 urtez azpikoak doan sartzen dira, adin hori baino zaharragoek helduek bezala ordaintzen dute, 8€) Larunbat arratsaldero, 16:15etan, haurrei egokitutako lengoaia erabiltzen den bisita egiten da, txikienek ibilbidea arazorik gabe ulertu eta goza dezaten. Bisita horiek beste egun batzuetan ere egin daitezke, ordua eskatuta (talde osoak).

 Katedrala eta Gatz Harana (9,5 €) 
Santa Maria Katedrala eta Añanako Gatz Harana batera bisita daitezke, eta ez du zertan egun berean izan behar. Sarrerak bi tokietan eros daitezke.

  Argiaren elizpea (3 €)
Paterninaren kaperak bere kolorea berreskuratu du, XVI. eta XX. mendeen arteko polikromien bilakaera erakusten duen bideo digitala proiektatzen duen sistema sofistikatu bati esker. Argiaren eta kolorearen ikuskizun handia da, bakarra Europan, iraganerako bidaia, Santa Mariari denboraren iraganak kendu zion kolorearen bila.
 
Harresia (5 €)
 Hainbat urtez Santa Maria Katedralean egindako arkeologia-ikerketek XI. mendean Gasteizko herrixka inguratu zuen lehen harresiaren eraikuntza-ezaugarriei buruz sakontzeko balio izan zuten. Berretsi denez, harresiaren horma-atal zaharra uste baino askoz zaharragoa da eta bere egoerak berreskuratu ahal izango dela pentsatzera eramaten gaitu. Uda guztian zehar, gaueko bisitak egingo dira. Ekaineko, uztaileko eta iraileko ostiraletan eta larunbatetan egingo dira, eta egunero abuztuaren 3tik irailaren 1ra.  

Katedrala + harresia (10 €) Vitoria-Gasteizko bi ondare garrantzitsuenak ikusteko aukera eskaintzen duen bisita bateratua.  Erreserbak 945 255 135 telefonoan, www.catedralvitoria.com webgunean edo Santa Maria Katedralaren Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plaza) egin daitezke.