Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

01/10/2012

Ia 5.000 eskola-ume gasteiztarrek bisitatuko dute Santa Maria Katedrala, Udalarekin lankidetzan egindako unitate didaktikoei esker

2012/10/01 Bisita horiez gainera, tenpluaren eta hiriaren beraren historiari, arkeologiari, arteari eta arkitekturari buruzko tailerretan ere parte hartuko dute


              Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 1a.- Ia 5.000 eskola-ume gasteiztarrek hartuko dute ikasturte honetan Santa Maria Katedralak udaleko Hezkuntza Zerbitzuko Programen Unitatearekin lankidetzan antolatutako unitate didaktikoetan. Bihartik hasita datorren ekainera arte, ikasgelan lanean ariko dira, tailerretan parte hartuko dute eta tenpluan barrena ibiliko dira hura ezagutu, ulertu eta estimatzeko.

  Seigarren urtez jarraian, Gasteizko udalak Katedrala sartu du beste behin ere bere hezkuntza-eskaintzan. Oraingo honetan, 52 eskolek eskatu dute ekimenean parte hartzea; beste era batera esanda, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ia 4.844 eskola-ume etorriko dira. Hau da, 2011-2012 ikasturtearekin alderatuta % 6 gehiago.   Xede horretarako berariaz sortutako materialekin eta ikus-entzunezkoekin egingo dute lan ikasgelan eskola-umeek. Heziketa-mailaren arabera diseinatu dira eta modu entretenigarri eta dibertigarrian Katedralaren eta hiriaren beraren historiara, gizartera, artera, arkeologiara edo arkitekturara hurbilduko dira. Adibidez, Lehen Hezkuntzakoak katedralean ikertzen aritzen den Laia izeneko pertsonaiak emandako azalpenez zuzendutako DVD batzuekin arituko dira lanean, ikasleak modu birtualean barnera daitezen hura ezagutu, ulertu eta estima dezaten. Gero, taldeak tenplura joango dira tailerrak eta bisita egiteko.   
 
Era berean, eraikinak estilo erromanikoan nola diseinatu eta eraikitzen ziren ezagutuko dute 'Harriak kontatzen digu' tailerraren bidez. 'Ikusi makusi Katedrala' tailerrak eraikinaren sarrera orokorra egingo du eta bere hainbat zati azalduko ditu; 'Hiria poltsikoan' tailerrarekin Gasteiz auzoko antzinako etxebizitzak nola eraikitzen ziren azalduko da, baita hiriko lehen harresia eraikitzeak gizartean eta ekonomian nola eragin zuen ere. 'Katedrala gaixo dago' tailerrean urteetan zehar jasandako kalteak azalduko dira eta zein faktorek hondarazi zuten eta zaharberritzeko zein konponbide hartu diren aztertuko da. Eta, azkenik, 'Bazen behin Vitoria-Gasteiz' tailerra harresiaz eta hiria eta bertako merkataritza-bizitza babesteko izan zuen garrantziaz ariko da.  

   Halaber, Artean espezializatutako batxilergoko ikasleek martxan jarritako ekimena egiten jarraituko da eta Teknologia Berrien LHko ikastetxeek elizpeko polikromiekin gozatzen jarraituko dute. 'Argiaren elizpea' ikuskizunarekin, orain arte egindako zaharberritze-prozesua ezagutuko dute eta mendeetan zehar elizpeak izan dituen itxurak berregiten dituen argi eta soinu ikuskizuna ikusiko dute. Horrela, teknologia berriek artearen zerbitzuan eta ondarearen zaharberritzean nola aplika daitezkeen ikusiko dute. 

   Bisitak eta tailerrak gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez egingo dira, ikastolek eskatutako hizkuntzaren arabera.   Unitate didaktikoez gainera, Santa Maria Katedralak euskaltegietako ikasleen, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa eta Kantabriako ikastetxeetako ikasleen eta Arkitektura-eskolako eta Historia, Arte Ederren eta Turismo fakultateetako ikasleen bisitak ere jasotzen ditu. Halaber, beste herrialde batzuetako trukeko ikasleak ere pasatzen dira tenplutik, batez ere, Frantziakoak eta Alemaniakoak, baita Esperientziaren Geletan parte hartzen duten pertsona nagusiek ere, eta kanpoko lurraldeetako ikastetxeek eskatutako "ad hoc" programak egiten dituzte.