Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

15/11/2012

Katedralaren aterpetxeak ateak irekiko ditu. Gazte eta erromesentzako tokia izango da hiriko hirigune historikoan

2012/11/15 90 toki ditu 2 eta 8 ohe arte dituzten 17 logeletan banatuta.

                        Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 15a.- Katedralaren aterpetxeak ateak ireki ditu Gasteizko hirigune historikoan. Aiztogile kalean, tenpluaren babesean dago eta 90 leku eskaintzen dizkie, batez ere, gazteei eta erromesei. Denboraldiaren eta logela motaren arabera, 16,20 eta 25 euro artean kostatzen dira eta egonaldi atsegin batekin gozatzeko beharrezko zerbitzuak ditu inguru paregabean. 

 2011 eta 2012 artean zaharberritu ziren Aiztogile kaleko hiru eraikinek osatzen dute Katedralaren aterpetxea, zehazki, 87, 89 eta 91 zenbakiek, eta 90 toki ditu 2 eta 8 ohe artean dituzten 17 logeletan banatuta. Guztira, 724 metro koadroko gainazal erabilgarria du. Gune komunak beheko solairuan eta lehenengoan daude, eta goiko solairuetan logelak. Aiztogile kaleko 87. zenbakian dago sarrera zuzen eta nagusia. Eraikin hauek zaharberritzeko xedeetako bat instalazioak hiriko bisitariak elkarrekin topatu eta deskantsatzeko puntu bihurtzea da, batez ere, katedrala bisitatzera datozenentzat. Horretarako, eta askotariko erabiltzaileei zuzenduta dagoenez, 90 lekuak konfigurazio desberdina duten 16 logeletan banatzen dira (2, 3, 4, 6 eta 8 lekukoak); bi logela, gainera, mugikortasun murriztua duten pertsonentzako egokitu dira. Eskaintza, gehienez, lau leku dituen sukaldedun apartamentu txiki batekin osatzen da. 

 Beheko solairuan, harrera, sail administratiboak, ekipatutako sukaldea, jangelak, garbitegia eta botikina jarri dira. Lehenengoan, atseden-gela, bilera-gela eta telebista-gela, bi ordenagailu dituen gune txiki bat eta hiru logela daude. Gainerako logelak bigarren, hirugarren eta laugarren solairuetan banatzen dira. Logela guztietara giltza elektronikoarekin sartzen da eta bakoitzak homologatutako ohatzeak, banako segurtasun-armairuak, berogailua eta bainugela osoa ditu. Oheko arropa jartzen da eta eskuoihalak ere alokatu ahal izango dira. Gainera, aterpetxe osoan Interneterako konexioa dago Wi-Fi bidez. Erabiltzaileek, halaber, doako ekipaje-kontsigna eta 24 orduko sarrera ere izango dituzte. Nahi izanez gero, sukaldea ere erabili ahal izango dute, nahiz eta freskagarrien eta ontziratutako elikagaien makinak ere instalatu diren. Gainera, talde handiei prestatutako janaria kontratatzeko aukera eskainiko zaie.

  Prezioak 16,20 eta 25 euro artekoak izango dira, logelaren arabera, denboraldia altua edo baxua denaren arabera eta 25 urtez azpikoa edo gorakoa denaren arabera. Aterpekide-txartela dutenek % 5eko deskontua izango dute. Done Jakue Bidea egiten ari direnek eta zigilatutako kredentziala aurkezten dutenek, berriz, 10 euro soilik ordainduko dute gaua. Santa Maria Katedrala Fundazioak kudeatuko du aterpetxea. Garbiketa, ikuzketa-lanak eta antzekoak, ordea, INDESA 2010 S.L. foru-enpresari eman zaizkio.Era berean, aterpetxea braille eta testuen erliebe altuekin egokituta dago. Berritasun gisa, errotuluek QR/BIDI kodea dute inprimatuta, erabat itsuak diren pertsonek ere aurkitu ahal izateko. Eraikineko solairu bakoitzak erabiltzailea gidatzeko kode bat du, telefonoaren bidez, eta ahozko informazioaren bidez, planoak, argazkiak, eraikinetik irteteko bideei buruzko informazioa, larrialdietarako telefonoak edo bestelako informazioa aurkituko du hainbat hizkuntzatan. Tokiko enpresa batek egin du eta estatuan ekimen aitzindaria da.

Erreserbak eta azpiegitura honi buruzko informazio guztia www.alberguecatedral.com webgunean aurkituko duzue

 Eraikinen mantentzea 

 Aterpetxea XIX. mendean eraiki ziren hiru eraikinetan jarri da. Etxeen tipologia arkitektonikoak hirigune historikoko Behe Erdi Aro europarraren ezaugarriak mantentzen ditu, hau da, fatxada gutxi eta fondo asko. Eraikinak zaharberritzerakoan, Santa Maria Katedralean jarraitutako esku-hartze irizpide berak jarraitu dira: egituraren, eraikuntzaren eta bolumetriaren tipologia mantendu da, ahal izan den heinean, erabilera berriak eskatzen dituen oinarrizko bizigarritasun eta erosotasun baldintzak izan ditzan. Gainera, jasangarritasuna eta eraginkortasuna gisako osagaiak ere aintzat hartu dira.  

Eraikinak mantentzeko borondateak eraikin bakoitza banaka tratarazi du. Fatxadak desberdinak dira, eta eraikin bakoitzak dituen solairu kopurua ere errespetatu da. Horrela, 87. zenbakiak beheko solairua eta beste lau solairu ditu; 89 eta 91 zenbakiek, berriz, hiru solairu bakarrik dituzte. Atzeko patioek Santiago Katedrala parrokiaren burualdera eta kontrahormetara ematen dute, kota desberdinetan daude eta balio handiko gunea osatzen dute, etxeek proportzio desberdinak baitituzte monumentu erlijiosoekin alderatuz gero. 

 Proiektua garatzerakoan, jasangarritasuna, energia-eraginkortasuna, irisgarritasuna, teknologia berriak ezartzea, erosotasuna eta bisitariarentzako segurtasuna kontuan hartu diren aldeak izan dira. 

Faktoria berdea

  Lanak egiteko unean, aintzat hartu da Santa Maria Katedrala Fundazioa, Green Capital-en lankidetzari esker, faktoria berdea dela eta hirigune historikoetan eraikinak zaharberritzeko eran erreferente. Hori dela-eta, proiektua zuzendu duen printzipio nagusia zera izan da: egitura-elementuak mantentzen saiatu eta finkatzea. Hau da, konpondu eta finkatu daitekeen guztia ez eraistea, desmuntatu eta berreraikitzea baizik. Gainera, material jasangarriak eta material berrerabilgarriak erabili dira.

   Beste arauetako bat eraikinaren egiturarekin bateragarria den material gisa egurra erabiltzea izan da, baita karea ere, oinarrizko elementua eraikin historiko gehienetan. Konponbide arinak erabili dira lanetan energia-kontsumoa murrizteko; eraikinen hermetikotasuna zuzendu da bero-isolamendu hobea izateko; banaketa hobetu da argi eta aireztatze naturala hobeto aprobetxatzeko; eta argindarraren fakturan aurrezteko, presentzia-sentsoreak jarri dira gune komunetan eta logeletan txartel-sistema bat jarri da. Gainera, kontrolak jarri zaizkie ur-kontsumoari, ur bero sanitarioa sorrerari eta berogailuari.  

 
Kutxabank-ek aterpetxearen fatxadan bertan jarri duen kutxazain batekin osatzen da azpiegitura. Kutxazainak, ostalariei ez ezik, inguru guztiari ere zerbitzua emango dio. Kutxazain hori da, halaber, finantza-erakunde batek hiriko hirigune historikoan ezarri duen lehen kutxazain automatikoa.
 
Interesatutako pertsona guztiek aterpetxea bisitatu ahal izateko, gaur, osteguna, eta bihar, ostirala, ate irekien jardunaldiak egingo dira. Ordutegia 16:00etatik 20:00etara izango da gaur arratsaldean eta 10:00etatik 14:00 eta 16:00 20:00 bihar, ostiralean. Sarrera doakoa izango da.