2012/11/20 Hurrengo bi asteburuetan teknika ezagutzeko bisitak egingo dira.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 20a Santa Maria Katedralaren Fundazioa, Aguraingo koadrilla, Vitoria-Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia elkarrekin lanean aritu dira elizetako hormak pintzelkatzeko teknika ezagutzera eman eta adibide batzuk bisitatu ahal izateko. Bisitak hurrengo bi asteburuetan izango dira eta, besteak beste, Santa Maria katedraleko argiaren ataria, Alaizako eliza eta Aguraingo San Martin baseliza/eliza ikusiko dira.
Lurraldeko eliza batzuetako hormek altxorrak dituzte. Altxor horiek, alegia, kultur eta natur ondare hori argitara ekartzeko egitasmoa jarriko da martxan. ´Araba pintzelkadaka´ bi jardunalditan eta ondoz ondoko bi asteburutan izango da. Lehena azaroaren 23an (ostirala) eta 24an (larunbata) izango da eta bigarrena azaroaren 30ean (ostirala) eta abenduaren 1ean (larunbata). Ostiral arratsaldetan, ´Argiaren ataria´ proiektatuko da Santa Maria katedralean; garai bateko atariko polikromia historikoak berriz piztuko dituen argizko, kolorezko eta soinuzko ikuskizuna. Bestalde, larunbatetan, bisitak Europa jauregitik irtengo dira Alaizako Andra Mari eliza pintzelkatua ikusteko, aurten, pinturen aurkikuntzaren hogeita hamargarren urteurrena ospatzen baita. Handik, Lezera joko dute, zakur artzainek artaldea nola bideratzen duten ikusteko eta, ondoren, Zabalarte eraikina ikusiko dute, alegia, Aguraingo kultur etxea, Arabako Lautadako turismo bulegoa ere barruan duena. Bukatzeko, egungo udaletxearen barruan dagoen San Martin baseliza-eliza bisitatuko da. Sarrerak Vitoria-Gasteizko turismo bulegoan s alduko dira, egitasmoa hasi baino lehenagoko 48 orduetara iritsi arte. Helduek 10 eurotan eskuratu ahal izango dute eta 7 eta 12 urte bitarteko umeek 3 eurotan. 7 urtetik beherakoentzat doan izango da.