04/12/2012
Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 4a.- Gabonen iritsierarekin, Santa Maria Katedrala Fundazioak urte garai honekin lotutako jarduera sorta antolatu du. Haurrentzako tailer didaktikoak eta nabea eta zaharberritutako sakristia zeharkatuko dituen bisita gidatua nabarmentzen dira. Bisita gidatu berri horretan, gainera, Esteban de Agredaren Jaiotza ere ikusi ahalko da.
Tailerrak abenduaren 26an, 27an eta 28an egingo dira eta neska-mutilei modu praktiko eta esperimentalean hurbilarazi nahi zaie Katedrala eta bere ingurunea, ondarea ezagutu eta baloratzen ikas dezaten, eta hura mantentzeak balioan jartzeko garrantzitsua dela kontzientzia daitezen. Hori guztia, Gabon garaiarekin lotutako jardueren bidez egingo da. Sormena landuko dute eta beren irudimena gara dezaten animatuko zaie.
´Ongi etorri Santa Maria Katedralera Gabonetan!´ izenburupean, lehen egunean, katedralaren jatorria tenplua Gasteiz herrixka inguratzen zuen harresidun gisa ezagutuko dute. Baita hasieran zuen defendatzeko izaera ere. Lurpeko kripta, erronda-pasagunea eta, zaharberritutako harresiaren zatian, hozkailua eta elurra biltegiratzeko zuen erabilera ezagutuko dituzte. Jarduera praktikoan, elurretako panpina egingo dute eta bakoitzak bere etxea apaintzeko balioko du.
Bigarren egunak ´Katedralaren soinuak hiriaren talaiatik´ izenburua izango du eta tenpluko dorrera hurbilduko dira. Gaur egun zaharberritutako dorretik, hiriko bista txundigarrienekin goza daiteke. Gainera, kanpaiak ezagutuko dituzte, nola eta zertarako forjatu ziren eta herriak eta hiriak euren artean komunikatzeko zuten garrantzia ikasiko dute. Tailerrean, kanpaia txiki bat egingo dute moldeatzeko pastarekin eta, ondoren, bakoitzak nahi bezala margotuko du.
Eta azken egunean, ´Santa Mariaren sakristia: ezkutuko altxor bat ezagutuz´ jardunaldian, neska-mutilek zaharberritutako gune hori bisitatuko dute eta altzariek zuten jatorrizko polikromia ezagutuko dute. Gainera, sakristiaren funtzioa eta bere elementuak ikasiko dituzte, besteak beste, Gabonetan toki horretan jartzen den Santa Mariako Jaiotza. Jarduera praktikoan, kaligrafia gotikoaren ezaugarriak ikasiko dituzte eta bakoitzak bere izena idatzi ahal izango du eta, ondoren, nahi bezala sartuko du markoan. Aurreko edizioetan bezala, 8 urtetik 11 urtera arteko haurrei zuzentzen zaizkie tailerrak eta elebidunak (euskara - gaztelania) izango dira. 24 euroko prezioa izango du, 18 euro Katedralaren Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzat edo bazkideen seme-alabentzat. Plazak mugatuak direnez, aldez aurretik egin behar da erreserba, Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plaza) edo 945 25 51 35 telefono-zenbakira deituta.
Tenplu eta sakristirako bisita
Gabonekin lotuta, ibilaldi gidatu berria jarriko da martxan katedralean, eta bisitariek tenplua eta sakristia zeharkatu ahal izango dituzte. 70 minutuko iraupena eta 10 euroko prezioa izango ditu eta ibilaldi hori egin nahi dutenek, aurrez erreserbatuta, egunero egin dezakete 12:45etan eta 16:15etan. Sakristian, duela urte batzuk, Fundatzaileen Zirkuluko bazkideen ekonomia-ekarpenei esker, zaharberritutako Esteban de Ágredaren estilo neoklasikoko Jaiotza erakargarria egongo da eta hura ere erakutsiko da. Haurra daraman Ama Birjinak, San Josek, hiru artzainek eta hiru animaliak (astoa, ardia eta idia) osatzen dute multzoa. Zur polikromatuan eginda dago eta estilo neoklasikokoak da, baina tradizio barrokoari oso lotutakoa. Bisita hori abenduaren 6tik urtarrilaren 5era egin ahal izango da.
Nabea irekita egongo da zubian
Halaber, eta talde gidatuak beteta egonda ere, katedralera sartzea erraztu nahian, datorren zubian nabea irekiko da nahi duenak libreki bisita dezan. Gidarik gabeko bisita informazio-liburuxka xehatu batekin egiten da eta 2 euroko prezioa du pertsonako. Bisita horiek ostegun, ostiral eta larunbat honetan egingo dira 11:30etatik 13:30etara eta 16:30etatik 18:30etara. Ez dago aurrez erreserbatu behar.