01/03/2013
Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 1a.- Haurrentzako jardunaldi didaktikoen edizio berri bat antolatu du Aste Santurako Santa Maria Katedrala Fundazioak. Oraingo honetan apirilaren 2tik 5era izango dira eta gazteenek tenplua nola eraiki zen ezagutzeko aukera izango dute, baita honelako eraikinetan nolako artisau eta gremiok lan egiten zuten ezagutzeko ere. Lekuak mugatuak dira eta dagoeneko egin daitezke erreserbak.
Aurten aldaketa garrantzitsuak izango dira Gasteizko tenpluaren barnean. Eraikiko den bobedak eta burualdeko kripta bisitagarrietarako sarrerek nabarmen aldatuko dute bere itxura. Hori dela-eta, prozesu horren berri eman nahi zaie jardunaldietara etorriko diren neska-mutilei. Horrez gain, arkitektura gotikoko ezaugarri eta elementu nagusiak identifikatzen erakutsiko zaie eta Aste Santuaren eta Pazkoaren jatorria eta urte garai horretako tradizioak ezagutuko dituzte.
Ohikoa den moduan, 8 urtetik 11 urtera arteko haurrei zuzenduta daude eta elebidunak (euskara - gaztelania) izango dira. Apirilaren 2tik 5era izango dira 10:00etatik 13:00etara. Lehen egunaren izenburua ´Katedralaren eraikuntza: gremioak´ izango da. Taldeak katedrala bisitatuko du eraikitzen hasi zen garaia, erabilitako materialak eta eraikitzeko sistemak eta lan egiten zuten gremioak ezagutzeko. Arreta berezia jarriko da harginengan eta Milurteko bobedaren eraikuntzan, datozen hilabeteetan aldarealdea itxiko duenean. Harginaren marketan oinarrituta, jarduera praktikoan, haur bakoitzak bere marka daraman tanpoi bat egingo du hainbat materialekin.
´Ireki harresia!´ izenburupean, bigarren egunean hiriko harresia bisitatuko da, non dagoen, zertarako sortu zen, nola eraiki zen eta zein material eta eraikitze-teknika erabili ziren ezagutzeko. Tailerrean, partaide bakoitzak bere harresi txikia egingo du.
Apirilaren 3a Pazkoari eskainiko zaio. ´Pazko-arrautza Katedralean gordeta dago!´ jardunaldian, jai honen jatorria eta esanahia ezagutuko dute, baita nola sortu zen Pazko-arrautza apaintzeko tradizioa ere. Harresian eta katedralean zehar banatuta egongo diren Pazko-arrautza batzuetan gordetako arrastoen bitartez, eta bi taldetan banatuta, haurrek memoria, trebezia eta gaitasunak agerian jarri beharko dituzte arrautzak aurkitu ahal izateko. Gero, bakoitzak bere Pazko-arrautza margotu eta apainduko du koloretako paperekin.
Azken egunean, neska-mutilak gida bihurtuko dira. ´Gida egun batez´ jardunaldian, eurek labur azal ditzaten katedralaren eta dituen arazoak. Ariketa praktikoan, laguntzeko materiala egin beharko dute; koaderno bat eraikinaren plano batekin, adibidez. Hainbat talde egingo dira bakoitzak katedralaren zati bat azaltzeko. Bisita horretara ongi etorriak izango dira partaideen senideak eta lagunak.
Jardunaldiak 35 euroko prezioa izango du, 26 euro Katedralaren Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzako edo bazkideen seme-alabentzako. Plazak mugatuak direnez, aldez aurretik egin behar da erreserba, Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plaza) edo 945 25 51 35 telefono-zenbakira deituta.