Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

14/03/2013

Santa Maria Katedralak Gasteizko Guduan oinarritutako bisita eskainiko du Aste Santu honetatik aurrera

2013/03/14 ´Santa Maria 1813. Fusiletatik eta baionetatik harago´ izena du eta egunero egin ahal izango da goizez eta arratsaldez.

              Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 14an.- Santa Maria Katedralak bat egin nahi izan du Gasteizko Guduaren bigarren mendeurrena oroitzeko ekitaldiekin. Martxoaren 23tik (larunbata) aurrera, borrokaldia izandako garaian oinarritutako bisita gidatua eskainiko da eta egun haietan katedralaren barruan zer gertatzen zen azalduko da.  

´Santa Maria 1813. Fusiletatik eta baionetatik harago´ izena izango du bisita gidatuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historian doktoreak bereziki diseinatu du gertaera honetarako. Ismael García doktoreak, halaber, urteetan lagundu du zaharberritze-lanetan. Martxoaren 23tik (larunbata) aurrera egin ahal izango da urte amaiera arte, egunero eta bi ordutegitan, 12:45etan eta 17:30etan, eta 10,50 euroko prezioa izango du.  

 ´
Gasteizko Gudua data bat da, gertaera historiko oso garrantzitsua, baina zehatza. Haren garrantzia guztia ulertu ahal izateko, testuinguruan jarri eta zer gertatu zen azaldu behar da aurreko eta hurrengo hamarkadetan eta gudu-zelaia ez zen beste toki batzuetan´. Horrela azaltzen du Ismael Garcíak nola planteatu den urte haietako Gasteizko bizimodua nolakoa zen ezagutzera emango duen ibilbide gidatua. 
  
Ibilbidean zehar, eta hari gisa gerra-gatazka erabiliz, Aiztogile kaletik abiatuko da bisita. Bertan, Frantziaren eta Espainiaren arteko komunikazioetan Gasteizek nolako garrantzia zuen azalduko da eta zergatik gertatu zen, hain zuzen ere, Gasteizen, Wellington dukeak gidatutako indarren eta Frantziako ejertzitoaren gudu erabakigarria. Gainera, dorrera igoko da. Ikuspegi pribilegiatu horretatik, begiz arakatuko ahal izango da guduaren eszenatokia.  

Gerran bakarrik arreta jarri gabe, garai historiko hartako beste xehetasun mota batzuk ere eskainiko dira. Adibidez, sakristia ikusiko da, XVII. mendean eraiki bazen ere, bertan mantentzen da hoberen garai hartan eraikinak zuen itxura neoklasikoa, edo Olagibelen lana azalduko da, nabearen eraikuntza, koruko harlanduzko lana, erretaula eta gurutze-bidea. Horrez gain, bisitariek ikasiko dute frantsesen okupazio garaian izan zela Santa Maria Katedral lehen aldiz.  

 
Bisita horiek baino lehen, Ismael Garcíak hitzaldia eskainiko du hilaren 20an, eta xehetasun guztien aurrerapen bat egingo du. Martxoaren 20an (asteazkena) izango da iluntzeko 08:00etan Goiuri Jauregian eta sarrera doan izango da tokia bete arte. Juan Ignacio Lasagabasterrek, Santa Maria Katedrala Fundazioko zuzendariak, aurkeztuko du.  
 
Bisita horretaz gain, badira tenplua ikusteko beste modu batzuk ere. Betiko bisita gidatuaz gain, dorrea edo harresia edo Gesaltza Añana ere ezagutzeko bisita konbinatua, Fundazioaren zuzendariak, Juan Ignacio Lasagabasterrek, gidatutako bisita teknikoak edo harrentzakoak gehitzen dira, besteak beste. Informazio gehiago eta erreserbak: www.catedralvitoria.com / 945 255 135.