15/04/2013
Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 15a.- Ostegun honetan, bisita oso berezia eskainiko du Santa Maria Katedralak. Monumentuen eta Lekuen Nazioarteko Eguna dela-eta, bisitariak bobedaren eraikitze-prozesura gertura daitezke, xede horretarako sortutako bisitarekin. 2 euroko prezioa izango du eta egun horretan soilik egin ahal izango da.
Urtero bezala, apirilaren 18an, Monumentu eta Lekuen Nazioarteko Eguna izango da. UNESCOk onartutako eguna da eta herritarrak munduko ondarearen dibertsitateaz sentsibilizatzea du helburu. Egun honekin, gainera, azpimarratu nahi dira ondare hori babesteko eta kontserbatzeko ahaleginak eta, halaber, ondarearen ahultasunaren gainean arreta jarri nahi da. Santa Maria Katedrala Fundazioak aldarrikapen horren partaide izan nahi du. Horretarako, egun horretan bakarrik bisita esklusiboa eskainiko da bobedaren eraikuntzara. Eraikitzen ari diren bobeda laua da eta harlanduzko pieza handiekin egiten ari dira, tenpluaren kripta bisitagarriak estaliko dituena eta, era berean, presbiterioko pisua izango dena.
Milurteko bobeda (halaxe deitzen zaio) Markinako kareharri beltzeko 348 piezek osatuko dute. Pieza batzuk, gainera, 1.300 kilo baino gehiagoko pisua dute. XIX. mendetik hona hargintza-eraikuntzan egin ez den bezalako erakustaldi paregabean muntatzen eta doitzen ari dira piezak. Horrez gain, gainazal horren gainean, gurutzaduraren azpian, berreskuratu den iazko mendeko harrizko aldarea jarriko da.
Bisitak 2 euroko prezioa izango du, Katedralaren Fundatzaileen Zirkuluko bazkideak doan sartuko dira eta 25 minutu inguruko iraupena izango du. Dagoeneko erreserba daitezke bisitak 945 255 135 telefono-zenbakian edo Katedralaren Bisitariak Hartzeko Zentroan.
David Jiménez argazkilariaren hitzaldia
Bestalde, ostiralean, apirilaren 19an, Katedralaren atarian hitzaldi interesgarria izango da. Santa Maria Katedrala Fundazioak eta Gasteizko Arteen eta Ofizioen Eskolak duten lankidetzaren baitan, David Jiménez argazkilariarekin topaketa izango da. 1970ean Sevillan jaio zen eta Espainiako argazkilari sortzaileen azken labealdiko kide da.
Arte Ederretan lizentziatua da, hainbat tailerretan parte hartuta argazkilaritzan hezi zen eta, batez ere, duela 20 urtetik hona garatzen dituen proiektu pertsonaletan egiten du lan. Lan horiek Espainiako eta atzerriko hainbat lekutan ikusi ahal izan dira liburu, erakusketa eta ikus-entzunezko proiekzioen bidez. Bere ibilbidean sari hauek nabarmentzen dira: Photoespaña 99-ko argazkilari errebelazio saria, Notodofotofest 2005 saria eta Kaulak Villa de Madrid 2007. Lau liburu argitaratu ditu: ´Infinito´ eta ´Estos y otros lugares´ 2000an, ´Sevilla Santa Semana´ 2003an eta monografia antologikoa Photobolsillo bilduman 2009an.
Hitzaldian zehar, David Jiménezek bere lana eta sorkuntza pertsonalaren prozesua ulertzeko modua erakutsiko die bertaratzen direnei. Sarrera doan izango da lekua bete arte.