Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

30/04/2013

Santa Maria Katedralak eta Done Jakue Bidearen Lagunek Arabako Bidean ibilaldiak antolatu dituzte

2013/04/30 Zazpi etapa izango dira maitzaren 18aren eta ekainaren 29aren arteko larunbateetan, Otzaurtetik, Gipuzkoako mugatik, Santa Domingo de la Calzadara.
Egun bakoitzean lekuak mugatuak direnez, aurrez erreserba egin behar da 945 255 135 telefonoan edo tenpluaren Bisitariak Hartzeko Zentroan

                    Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 30ean.- Santa Maria Katedralak, Arabako Done Jakue Bidearen Lagunen Elkartearekin lankidetzan, gure lurraldetik pasatzen den bide zatia egiteko zenbait ibilaldi antolatu ditu. Zazpi etapa izango dira Otzaurtetik, Gipuzkoako mugatik, Santo Domingo de la Calzadara eta, ariketa fisikoa egiteaz gainera, historiak eta kulturak eta ingurune naturalak bat egiten duten ibilaldiak balioetsi nahi dira.

  Iparraldetik igarotzen ziren erromesek egiten zuten ibilbidearen inguruko hainbat teoria egon arren, Santa Maria Katedrala Fundazioak, aurten laugarren urtez, Araba zeharkatzen duen barnealdeko euskal Done Jakue Bidearen zatia egingo du ibilaldi sortan banatuta. Maiatzaren 18an hasiko dira eta ekainaren 29ra arte luzatuko dira larunbatero. Egun horietako bakoitzean, autobus bat irtengo da goizeko 8:00etan Arabako hiriburutik ibilaldia irteten den punturaino eta, amaitzean, berriz ere erromesak Gasteizera ekarriko ditu, bazkalordurako.

  Etapa bakoitzak 19 kilometro inguru izango ditu, batez beste, eta bidean aurkitzen diren ermitak, elizak eta interes turistikoa edo kultura duen beste edozein toki ezagutzea izango da asmoa. Arabako Done Jakue Bidearen Lagunen elkartearekin izandako lankidetzari esker, kultura, artea, historia, naturarekiko harremana eta ariketa fisikoa uztartzen dituzten ibilbide historiko batzuk balioetsi nahi dira. Horrez gain, parte-hartzaileek, etapa bakarra egin arren ere, dagokien Bidearen agiria jasoko dute.  

Ibilaldiak maiatzaren 18an, larunbatean, hasiko dira Araba eta Gipuzkoaren arteko mugan, eta ekainaren 29an bukatuko dira Santo Domingo de la Calzadan, Frantziatik datorren Bidearekin elkartzen den puntuan, hain zuzen ere. Etapak hauek dira: Otzaurte-Erdoña (maiatzaren 18a), Erdoña-Burgu (maiatzaren 25a), Burgu-Armentia (ekainaren 1a), Armentia-Argantzun (ekainaren 8a), Argantzun-Zanbrana (ekainaren 15a), Zanbrana-Haro (ekainaren 22a) eta Haro-Santo Domingo de la Calzada (ekainaren 29a).

 Ibilaldi bakoitzak 9 euroko prezioa du; 6, Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzat eta Arabako Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteko kideentzat. 12 urtez azpikoek 2 euro bakarrik ordainduko dute. Dagoeneko izena eman daiteke Katedralaren Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria Plaza) eta 945 255 135 telefonoan. Egun bakoitzean 55 leku egongo dira, autobus bat.