14/05/2013
Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 14a.- Arabako hainbat parrokiak eta Gasteizko Santa Maria Katedralak Ekialdetik, eta zehatzago esanda Filipinetatik, ekarritako ehunak eta liturjia-apaingarriak gordetzen dituzte. Kalitate handikoak dira eta hainbat dohaintzatik jasoak. Euren jatorria eta garrantzia azaltzeko, Santa Maria Katedrala Fundazioak hitzaldia antolatu du. Bihar, asteazkenean, izango da 20:00etan Goiuri Jauregian. Fernando Bartolomé eta Arantza Platero arituko dira hizketan, artean eta zaharberritzean adituak.
´Topaketak katedralean´zikloaren barruan kokatzen da. Hitzaldiak ´Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedraleko apaingarri filipinarrak´ izena du, eta liturjietan erabilitako ehunak eta apaingarriak aztertuko dira, gaur egun oraindik Gasteizko tenpluan eta, besteak beste, Durako, Eribeko, Miñaoko eta Subilla Gasteizko parrokietan gordetzen direnak. Hizlariak izango dira Fernando Bartolomé, UPV-EHUko Artearen Historian doktorea eta gaiari buruzko ikerketen eta artikuluen egilea, eta Arantza Platero, UPV-EHUko pintura eta dokumentu grafikoak zaharberritzeko eta mantentzeko espezilitatean lizentziatua. Platero RHU da eta bere ibilbide profesionala antzinako ehunak zaharberritzera bideratu du.
Santa Maria Katedralak hainbat dohaintzetatik jasotako apaingarri filipinar sorta interesgarria du. XVII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran egin ziren. Kolegiatara iritsi zirenetik, elizkizun garrantzitsuenetan erabiltzeko lehen mailako apaingarritzat hartu ziren eta elizako maila altueneko gizonek jantzi zituzten. Ekialdetik zetozen ehunak oso erraz iritsi ziren Mendebaldera, bitxikeria exotiko gisa hartzen baitziren. Gainera, garraiatzeko errazak ziren eta Europa eta Amerikan eskari handia zuten.
Garai hartan, Txinan edo Filipinetan egindako produktu bat jasotzea, estatusa izatearen sinonimo zen eta produktu hori zuen familia edo eliza besteengandik bereizten zen. Filipinetan katolikoeen komunitate handi xamarra zegoen eta bolien eta liturjia-apaingarrien merkatu eta ekoizpen-gune handi bat zen, besteak beste.
Euskal Herrian, batez ere, Filipinetako apaingarri asko daude. Gasteizko Katedralean XIX. mendean, artean kolegiata zela, egindako hiru dohaintza handietan oparitutako sorta bikainak daude. Durako, Eribeko, Miñaoko, Subilla Gasteizko, Langraiz Okako, Maurgako eta Laudioko parrokietara ere zenbait jantzi iritsi ziren.
Brodatu horien exotismoak, fintasunak eta muturreko edertasunak erraztu dute dohaintzen bidez gure lurretara iritsi ziren unetik arretaz mantetzea. Liturjia-ospakizun oso garrantzitsuetarako soilik erreserbatu ziren eta, ondorioz, gaur egun oraindik erabiltzeko moduan daude.
Hitzaldia iluntzeko 20:00etan hasiko da Goiuri Jauregiko Martin de Salinas aretoan. Sarrera doan izango da aretoa bete arte.