Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

27/06/2013

Larunbat honetatik aurrera, Santa Maria Katedrala Fundazioak bisita berria eskainiko du Erdi Aroko harresira eta San Bizente dorrera

2013/06/27  Udan, gainera, harresirako gaueko bisitak egingo dira berriz ere eta argiaren elizpea berreskuratzen da. Egunero egin ahal izango da, 12:00etan eta 19:00etan


Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 27a.- ´Gasteiz, XI. mendea. Santa Maria eta San Bizente arteko harresia ezagutzen´ ibilbidea da Santa Maria Katedrala Fundazioak kudeatzen dituen bisita gidatuen programan gehitu den eskaintza berria. Proposamen hau larunbat honetatik, ekainaren 29tik aurrera egongo da eskuragarri, egunero 12:00etan eta 19:00etan. Halaber, udarekin batera berriro badatoz harresirako gaueko bisitak eta argiaren elizpea berreskuratzen da, azken asteotan sistemak behar bezala jardun ahal izateko urtero jasan behar dituen doikuntzengatik eten egin zena.
 
Bisita berria zati harresituan hasiko da, Gasteizko herrixka XI. mendean inguratzen zuen lehen harresiaren ingurutik paseo bat emango da. Harresi haren eraikuntza-ezaugarriak oso ondo ezagutzen dira, UPV/EHUk urteetan zehar Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedralean egindako ikerketa arkeologikoei esker. Horrela, jakin dugu antzinako horma-atala uste baino zaharragoa dela eta zaharberritu behar dela.
 
Taldeak, ondoren, San Bizenteraino joango dira. Eliza Nafarroako Antxo erregearen garaian eraiki zen gaztelu-gotorleku baten gainean. Eliza egiteko gaztelu-gotorlekuaren zati handi bat aprobetxatu zen. Gaur egungo dorreak beste zaharrago bat ordezten du. Dorre zaharrago hartan, 1854 aldera, telegrafo optiko militar bat instalatu zuten.
 
Gaur egun ezagutzen dugun dorrea 1860. urtearen amaieran hasi ziren eraikitzen eta gorabehera ugari izan zituen: hiru arkitekto izan zituen eta hamabi urte baino gehiago behar izan ziren erabat amaitzeko. Arazo ekonomikoak lehenik eta karlisten altxamenduak gero, dorrearen eraikuntza atzeratu zuten, baina ez zuten San Bizente elizak dorre neo-bizantino bat eduki zezan eragotzi, Gasteizko altuena itsas mailaren gainean, 54,2 metrokoa.

Ekimenak Fundazioaren arduradunek ´Obretan eta irekita´ programari lotutako kultura-eskaintza berritzeko egiten duten ahaleginari eta, batez ere udan, Erdi Aroko hirigunea hiriko jarduera kultural eta turistikoaren epizentro bihurtzeko, ingurunearekin duen lotura estuari erantzuten dio. Harresirako eta San Bizente dorrerako ibilbide bateratua, aurten, bisita gidatuen programan gehitu den hirugarren berrikuntza da, eta ´Milurteko ganga´ eta ´Gasteizko Gudua´ ekimenekin lotutako esperientzia arrakastatsuen ondoren dator.

 
Itzuli dira harresirako gaueko bisitak

 
Udaren iritsierarekin batera, badatoz Erdi Aroko harresirako gaueko bisitak. Larunbat honetatik aurrera eta hila amaitu arte, eta irailean eta urrian, Pilareko zubira arte, ostiraletan eta larunbatetan egingo dira gaueko ibilaldiak; uztailean eta abuztuan, berriz, egunero. Bisita Vitoria-Gasteizko Udalak bultzatu eta Santa Maria Katedrala Fundazioak kudeatzen du eta gune harresituaren beste ikuspegi batekin goza daiteke.
 
Ordubeteko iraupena izango dute ibilaldiek eta San Migel elizaren atzealdean zaharberritutako harresiaren zatian hasiko dira. Gune hori zeharkatu ostean, gehienez hogeita hamar pertsonako taldea Eskoriatza-Eskibel jauregiaren atzealdeko zatira joango da. Bertan, berreskuratutako lehen zatia eta lorategi botanikoa ikusi ahal izango dituzte. Bisita amaitzeko, harresiaren historiari eta zaharberritze-proiektuari buruzko proiekzio bat emango da harresia bera mihise hartuta.
 
Argiaren elizpea, programako erakargarririk handienetako bat, azken asteotan sistemak behar bezala jardun ahal izateko urtero jasan behar dituen doikuntzengatik eten egin ostean ere itzultzen da. Elizpearen polikromien berreraikitzeko ikuskizuna katedraleko 13:00 eta 18:45 orduko bisitekin batera  edo bisita hauen amaitzean ikusgai izango da.
 
Bisiten erreserbak Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plazan), www.catedralvitoria.com web orrialdearen bidez edo 945 255 135 telefono-zenbakian egin daitezke. Harresia eta San Bizente dorrea ikusteko bisitaren prezio estandarra 7,5 eurokoa da, harresirako gaueko bisitakoa 5 eurokoa, katedralerako eta argiaren elizperako baterako bisitakoa 10 eurokoa eta argiaren elizperako 3 eurokoa. Haurrentzat, jubilatuentzat, ikasleentzat edo taldeentzat prezio bereziak eta deskontuak daude. Informazio hori guztia web-orrialdean eskura daiteke.