Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

02/08/2013

Santa Maria Katedrala Fundazioaren Musika Kapera Donostiako Musika Hamabostaldian estreinatuko da Carlos Menaren eskutik

2013/08/02.  Antzinako Musika zikloaren hirugarren kontzertua datorren asteazkenean, abuztuaren 7an, izango da Donostiako Santa Teresa komentuan. Taldearen asmoa musika historikoa interpretatzea eta eszenatoki ospetsuenetan Fundazioaren musika-jardueraren enbaxadore izatea da

Donostiako Musika Hamabostaldiko Antzinako Musika zikloaren hurrengo edizioan Santa Maria Katedrala Fundazioko Musika Kaperak hartuko du parte. Dakizuen moduan, proiektua 2009an sortu zen eta musika historikoa interpretatzea du xede, baita katedralaren musika-artxiboa ere. Oraingo honetan, estatu mailako musika-jaialdi ospetsuenetako batean estreinatuko da. Errezitaldia datorren asteazkenean, abuztuaren 7an, izango da 18:00etan.  

Donostiako Santa Teresa komentuko emanaldiak izen handiko Carlos Mena kontratenore gasteiztarra izango du buru. Oraingo honetan, gainera, Carlos Garcia Bernaltek lagunduko dio organoan. Biek batera, 'Grounds...Ostinati' izenburupean, XVI. eta XVII. mendeetako Ingalaterrako eta Italiako musika barrokoan barrenako ibilaldia interpretatuko dute. Errezitaldian, Purcellen, Storaceren edo Montiverdiren hainbat obrez gozatu ahal izango du publikoak.

Carlos Mena 1971n jaio zen eta kontratenore bikaineko bat da. Basileako (Suitza) Schola Cantorum Basiliensis eskolan ikasi zuen Richard Levitt eta René Jacobs irakasleekin, eta musika-ibilbide oso zabala du. Opera-emanaldiak eman ditu rol nagusia interpretatuz, besteak beste, Salzburgoko Jaialdian, Madrilgo Teatro Realen, Bartzelonako Gran Teatre del Liceun, Bruselako Monnaie Antzokian eta Berlingo Staatsoperen. Munduko areto nagusienetan errezitaldiak ere eman ditu, hala nola Vienako Musikvereinen, Buenos Airesko Teatro Colónen, New Yorkeko METen, Berlingo Filarmonikoan, Amsterdamgo Concerteboun, Tokioko Opera City Hallen eta Sidneyko Opera Housen. Era berean, diskografia zabala du eta irakaskuntzan ere denbora luzean ibili da.

Carlos García Bernalt, bestalde, Salamancan jaio zen musikari-familia batean. Suitzako gobernuaren bekadun gisa Basileako Musik Akademien ikasi ostean, etenik gabe kolaboratzen aritu da hainbat orkestra eta talderekin. Ondorioz, Frantziako, Herbeeretako, Italiako, Suitzako, Austriako, Alemaniako, Portugalgo, Poloniako edo Mexikoko hainbat jaialditan parte hartu du bere karreran.

Santa Maria Katedralaren Fundazioak Musika Kapera berreskuratuta Araban eta inguruan bizi diren musikari profesionalen kalitatea islatu nahi du. Ekimenaren xedea, halaber, katedralaren agiritegian dagoen ondare historikoa musika jotzeko berreskuratzea da, aro bakoitzean beste geografia- eta kultura-eremu batzuetan egin denarekin harremanetan jartzeko. Horrez gain, ondare hori Arabatik kanpo zabaltzen ere laguntzen du.