Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

30/10/2013

Santa Maria kantoiko lanetan, Espainiako kanpai-labe handiena aurkitu da

2013/10/31 Moldea bat dator 4 metro inguruko kanpaiarekin. Gaur egun arte ezagutzen zen handiena Toledon dago eta 2,5 metro ditu

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 30a.- Katedralaren oinetan, Santa Maria kantoian tenpluari estolderia, ur, argindar eta gas zerbitzua emateko egiten ari diren indusketek beste sorpresa bat eskaini dute, eta azken urte hauetan Gasteizko tenplua zaharberritzeko lanek ekarri dizkigutenei gehitzen da. Gasteiz primitiboa inguratzen zuen zuloaz eta kontrazuloaz eta elizatik kanpoko Erdi Aroko hilobiez gain, kanpai bat galdatzeko zulo handi baten hondarrak agerian gelditu dira, artisau ibiltariek erabiltzen zutena, eta bere neurriengatik Espainian ezagutzen den kanpai handienari forma emateko balioko zuen.
 
UPV/EHUko Eraikitako ondarearen ikerketa-taldearen arabera, mantendu diren hondarrak ´Biringuccio´ teknikari, edo buztinezko kanpai faltsuari, dagozkiela dirudi, XV. mendetik aurrera katedraleko beste puntu batzuetan dagoeneko erregistratu zirenak, baina teknikak XVI. mendean hartu zuen garrantzia. Ekoizpen-teknika honen ezaugarria da moldea, moldea egostea eta kanpai-urtzea zulo batean egiten dela. Aztarna horiek gaur egun egiten ari diren arkeologia-lanek atera dituzte lurpetik.
 
Aurkitu den zulo handiak lauki zuzeneko oina du, ertz borobilduekin, eta, gutxi gorabehera, 6 bider 5 metroko luzera eta 0,5 metroko altuera mantendu du. Oinarrian gurutze edo ikoroskia du eta besoek zuloaren antzeko dimentsioko luzera, 0,50 eta 0,60 metro arteko zabalera eta 0,50 metroko sakonera du, gehienez. Neurri horien arabera, moldea sortu zen kanpaiak (ez dago sortu zen edo sortu ez zen frogarik) lau metro inguruko diametroa zuen. Orain arte Espainian ezagutzen zen handiena Toledon dago eta 2,5 metroko diametroa du.
 
Dokumentazioaren arabera, lana kanpaiaren moldea eginez hasten zen. Horretarako, tornu bertikal bat erabiltzen zen eta, bere gainean, terraila bat muntatzen zen. Moldea eraiki ostean, egosi egiten zen. Egosteko behar zen adina erregai zuloaren barruan pilatzen zen eta gurutzearen besoek tximinia-funtzioa betetzen zuten. Egosi ostean, barneko kanpai faltsua ezabatu (urtutako brontzea gordetzen zen tokia) eta zuloa zanpatutako lurrez betetzen zen, metala isuri ostean moldea lehertzea saihesteko. Metala zuloaren ondoko labe batean urtu ohi zen. Egun batzuk igarotakoan, zuloa betetzen zuen lurra atera, moldea hautsi eta kanpaina altxatzen zen.
 
Santa Maria Katedralari bederatzi kanpai ezagutzen zaizkio, dorrean egon dira eta funtzioen arabera hiru mailatan banatu dira (iraulketa eta ezohiko seinaleen errepika, ezohiko seinaleen errepikak eta erlojuaren deia), nahiz eta kanpai horietako batek ere ez zuen halako tamainarik izan. Dakigunez, horietako zortzi, gutxienez, Gasteizen urtu ziren, eta seguruenik orduena, XVI. mendearen amaierakoa, dorretik oso gertu egin zen.