24/03/2014
Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 24a.- Haurrentzako jardunaldi didaktikoen edizio berri bat antolatu du Aste Santurako Santa Maria Katedrala Fundazioak. Tenplua berriro irekiko dela aprobetxatuz, aurtengo partaideek modu atsegin eta dibertigarrian berrikusi ahal izango dituzte katedrala itxi zenetik egin diren zaharberritze-lanak. Gainera, urteko garai horretako tradizio bitxien jatorria ikasiko dute. Jardunaldiak apirilaren 22tik 25era egingo dira.
Zimenduak sendotzeko lanak amaituak, zoru berria ezarria eta presbiterioaren ganga eraikia izanik, katedrala hurrengo ekainean erlijio-ofizioak berriro egiteko prestatzen da. Jardunaldi horietan azken 13 urteetako lanen berrikuspen bat egingo da, itxi zeneko egoera gogoratuz, egungo egoera aztertuz eta etorkizuneko proiektuak aurkeztuz.
Era berean, parte hartzen duten neska-mutilek arkitektura gotikoaren ezaugarri eta elementu nagusiak identifikatzen ikasiko dute, tenpluan bertan ikus daitezkeen beste estilo batzuekin konparatuta (erromanikoa, errenazimendua, barrokoa, eta abar), eta Aste Santuaren eta Pazkoaldiaren jatorria ezagutuko dute, baita aldi horietan sortutako tradizioak ere.
Lehen jardunaldiaren izenburua "Katedral zahar berria" izango da, eta bertan tenplu osoaren ibilaldi bat egingo da, lurzorupetik dorreraino irisgarria dena zaharberritze-lanei esker. Eraikinaren jatorria, horren bilakaera, osatzen duten zati ezberdinak eta mendeetan izan dituen arazoen hasiera nolakoa izan zen ikasiko dute, baita zaharberritzean aplikatu diren konponbideak ere. Jarduera plastikoa izango da dorrearen kartoizko maketa bat egitea.
"Hau da nire ezkutua" izenburuarekin, bigarren egunean neska-mutilek armarriak eta horien Erdi Aroko jatorria ikasiko dute, guduetan zaldunak beren artean bereizteko premiaren ondorioz sortuak. Bisitaren barruan, XI. mendean Gasteiz inguratzen zuen harresiaren perimetroan zehar ibiliko dira, arreta berezia jarriz jauregien eta eraikinen armarrietan, betiere leinu ezberdinek katedralean markatuak utzi zituztenak ahaztu gabe. Bisitaren ondoren, neska-mutilek beren armarri propioak diseinatuko dituzte, beren nortasuna eta gustuak adierazteko aukera izanik.
Hirugarren egunaren gaia izango da "Arrautza, pazkoaldiko altxorra". Jardunaldi horretan pazkoaldiaren eta Aste Santuaren jatorria eta esanahia, Garizumaren tradizioak, eta pazko-arrautzak apaintzeko ohituraren jatorria azalduko zaie. Neska-mutilek beren arrautza propioak margotu eta apainduko dituzte koloretako paperekin, eta nori oparitu erabakiko dute.
Azken egunean, partaideek sari bat izango dute. "Aztarna-jokoari" esker, Katedralaren barruan jolastuko dute. Bi taldetan bananduko dira, eta tenpluaren puntu ezberdinetan ezkutatutako pazko-arrautza batzuetan gordetako aztarna batzuen bitartez, beren memoria, trebezia eta abilezia frogatuko dute, oztopoak gainditzeko eta sariraino eramango dituen azken aztarnara iristeko helburuarekin. Horretaz gain, Jardunaldi horretan, bukatu gabe geratu den edozein jarduera amaitzeko edo burutzeko aprobetxatuko dute.
Ohikoa den moduan, jardunaldiak 8 urtetik 11 urtera arteko neska-mutilei zuzenduta daude eta elebidunak (euskara - gaztelania) izango dira. Apirilaren 22tik 25era izango dira 10:00etatik 13:00etara. 50 euroko prezioa izango dute, 35 euro Katedralaren Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzat edo bazkideen seme-alabentzat. Plazak mugatuak direnez, aldez aurretik egin behar da erreserba, Bisitariak Hartzeko Zentroan (Burulleria plaza) edo 945 255 135 telefono-zenbakira deituta.