Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

09/06/2014

Santa Maria Katedralak hiru ibilaldi egingo ditu harriaren eta gatzaren bideetatik barrena

2014/06/05 Vitoria-Gasteiz - Iruña Veleia, Billodas - Pobes eta Pobes - Gesaltza Añana dira aurreikusitako ibilaldiak

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 9a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak, Gatz Harana Fundazioarekin lankidetzan, hiru ibilaldi antolatu ditu. Bidaiariak eta erromesak XII. eta XIII. mendeetan igarotzen ziren eta bertako produktu garrantzitsuena gatza zen bideetan barrena pasako dira. 'Harrizko eta gatzezko katedralak' izenpean, ekainaren 14an, 21ean eta 28an egingo dira ibilaldiak eta nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute.


Araba XII. eta XIII. mendeetan zeharkatzen zuten bidaiariek eta erromesek tokiko muga gainditzen zuten bi produktu aurkitzen zituzten; bata Arabako burdinoletako burdina zen, Erdi Aroko Arabarentzako aberats-iturri handia izan zena; eta, bestea, gatza zen, Lurralde Historikoko ibilbiderik zaharrenetan barrena garraiatzen zena bai monasterio handietara, bai jauntxo aberatsen lurraldeetan eta oinetxeetan kontsumitzeko. Izan ere, Erdi Aroan, Añanako gatz-haranerako bideak ziren probintziako erabilienak.

 

1140an Gesaltza Añana hiria sortu zenean eta gatza ekoizten eta salerosten hasi zirenean, penintsularen iparraldeko hiri aberatsenetako bat bihurtu zen. Baina, berehala nabarmenduko zen Vitoria-Gasteiz, Done Jakue bidean zuen kokapenagatik eta Alfontso VIII.aren eraikitzeko grinagatik. Berak sortu zuen Gasteizko tenpluaren eliza-gotorlekua proiektua.

 

Arabako funtsezko bi elementu dira Santa Maria Katedrala eta gatz-haraneko gatzagak. Erdi Aroko Arabaz, garai hartako arkitekturaz eta historiaz hitz egiten baitigute eta, era berean, txoko eta ikuspegia bikainak eskaintzen dizkigute. Gurdi eta bidaiari horiek pasatzen ziren bide horietan barrena ibiltzeak aukera eskaintzen digu historia bizitzeko, leku natural paregabeez gozatzeko eta, ibilbidean barrena, ondarearen nahitaezko beste leku batzuk ezagutzeko. Leku horietara guztietara hurbiltzeko, 15 kilometroko luzera duten hiru ibilaldi antolatu dira ekainaren 14ko, 21eko eta 28ko larunbatetan.

 

Ekainaren 14ko etapa Vitoria-Gasteiz eta Iruña Veleia artekoa izango da (16,5 km); bigarrenak, hilaren 21ekoak, Villodas eta Pobes lotuko ditu (14,5 km) eta hirugarrenak, ekainaren 28koak, Pobes Gesaltza Añanarekin (14,14 km) lotuko du.

 

Bederatzi urte baino zaharragoei eta oinez ibiltzera ohituta daudenei zuzendutako ibilaldiak dira eta, gehienez, 55 pertsonentzako lekua dago. Guztiek istripu-asegurua izango dute eta taldeak, uneoro, Gurutze Gorriko langileen eta Goiena Mendiko Klubeko monitoreen laguntza izango dute. Azken horiek, Santa Maria Katedralarekin Fundazioa eta Gatz Harana Fundazioarekin batera, elkarlanean aritu dira ibilbide hau antolatzen. Fundazio bietako langileek, taldearekin batera joateaz gain, ibilbideak eskeintzen dituen puntu interesgarriei buruzko azalpenak emango dituzte. Goizeko 08:00etan irten eta Vitoria-Gasteizera 15:30ak aldera itzultzea aurreikusten da. Ibilaldi bakoitzaren prezioa 6 €-koa da Katedralaren Fundatzaileen Elkarteko bazkideentzako eta 9 €-koa bazkide ez direnentzako.

 

Informazio gehiago eta erreserbak: 945 255 135.