Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

11/06/2014

Donejakue bidea eta Añanako gatz harana aurten Santa Maria katedralaren udalekuekin bat

2014/06/11 Katedrala erlijio-kulturako berriz ireki zenetik habeartea apaintzen duten margoak eta erretaula ezagutuko dituzte parte hartzaileek, baita harresiko armarri eta ezkutarmak ere eta, egun batez, erromes eta gazkin izango dira.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainak 13.- Santa Maria Katedrala Fundazioak aurtengo udarako antolatu dituen udaleku didaktikoei bi elementu berri gehitu zaizkie: Donejakue bidea eta Añanako gatz harana. Gaztetxoenek astebetez ondo pasa eta, era berean, probintzian dagoen ondarea baloratzen ikasiko dute.

Dagoeneko ohikoa den bezala, haurrentzako udaleku didaktikoen edizio berri bat antolatu du Santa Maria Katedrala Fundazioak datorren uztailean. Bi txanda izango dira aurten: lehena, uztailaren 7tik 11ra eta bigarrena 14tik 18ra, baina behar izatekotan, hirugarren bat izango da uztailaren 28tik abuztuaren 1era. Ordutegia 9:30etatik 13:30etara izango da, azken egunean izan ezik, gatz haranera bisita egingo denez, ordutegia luzatuko delako. Beti bezala, 8 urtetik 11 urtera arteko haurrei zuzenduta daude eta elebidunak izango dira (euskara - gaztelania).

Aurten, lehen egunak "Ongi etorri Katedralera" izena izango du eta   neska-mutilak Santa Mariarekin harremanetan jarriko dira. Haren historia, eraikuntza-faseak eta Katedralak dituen arazoak ezagutuko dituzte. Jarduera plastikoan, aste guztirako lan-uniformea egingo dute, Fundazioaren logotipoa den lau hostokoa daraman kamiseta bat eta baita parte hartzaile bakoitzaren izena duen plaka ere.

Katedraleko harribitxiak izenburuko bigarren egunean, gaur egun habeartea janzten duten ondausn higikorrak aztertuko dira. Katedrala erlijio kulturako berriz ireki eta gero, erretaulak, eskulturak eta margoak eraman dira muinoaren tontorrera Santa Mariako hormak eta kaperak apaintzeko. Gainera, gauza batez jabetuko dira: katedralak altxor hauek berreskuratu dituen arren, asko geratzen da egiteko, obretan eta irekita jarraitzen baitu.

Armarri koloreduna izango da hirugarren egunaren izena: Alde Zaharrean zehar ibiliko dira Harresiaren eguna deritzonean. XI. mendean Gasteiz inguratzen zuten harresien perimetroa ezagutuko dute, arreta berezia jarrita eraikin eta jauregietako armarri eta ezkutarmetan, betiere, Katedralean aztarna utzi zuten leinuei erreparatuta.

Laugarren egunean, edizio honen berritasunetako bat iritsiko da. Nondik igarotzen da Donejakue bidea? izeneko laugarren egunean, tokirik aproposenak bilatuko dituzte Santa Maria katedralaren kanpoko zein barruko aldean bidearen historia azaltzeko: ibilbide desberdinak eta euren adarbideak, atzoko eta gaurko erromesak, bideak katedralean utzi dituen aztarnak eta bidearen seinaleak.

Udalekuak bukatzeko, Añanako gatz harana bisitatuko dute. Bertan bi jarduera egingo dira. Lehenengo jarduera ibilbide didaktikoa eta parte hartzekoa izango da Gatz Haranean zehar. Haurrek historia, arkitektura, arkeologia, paisaia, geologia, biodibertsitatea eta ingurumena uztartzen dituen paisaia baten ezaugarriak ezagutuko dituzte. Horretaz gain, eurentzako bereziki egokitutako eremu ludiko batean izango da eta, egun batez, "gazkin" izango dira. Oinutsik ur gazitan daudela, artisau horiek gatza ekoizteko erabiltzen zituzten oinarrizko teknikak ikasiko dituzte.

Egun atsegin eta dibertigarri batzuk pasatzen laguntzeaz gain, Santa Maria Katedrala Fundazioaren asmoa haurrek hiriko eta probintziako ondarea ezagutzea eta baloratzea da, eta ondare hori kontserbatzeak eta balioan jartzeak duen garrantziaz kontzientziatzea.

Jardunaldiak 75 euroko prezioa izango du, 50 euro Katedralaren Fundatzaileen Elkarteko bazkideentzako edo bazkideen seme-alabentzako. Plazak mugatuak direnez, aldez aurretik egin behar da erreserba, Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plaza) edo 945 255 135 telefono-zenbakira deituta.