Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

10/09/2014

Santa Maria Katedrala Fundazioak entzunaldiak deitu ditu Carlos Mena musikari gasteiztarrak zuzendutako haur-koru bat sortzeko

2014/09/10 7tik 13 urtera bitarteko neska-mutilei zuzendua, koru-kantuko eta ahots-teknikako prestakuntza emango zaie "musika historiko" deitutako errepertorio profano eta elizkoi zabalaren bitartez. Era berean, zuzendari laguntzaile bat bilatzen da Menarekin batera lan egiteko eta euskal kontratenorearen ahots-prestakuntza jasotzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 10a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak haur-koru bat sortuko du tenpluarekin eta bertan garatzen den kultur proiektuarekin lotuta. Carlos Mena zuzendari gasteiztar ospetsuaren zuzendaritzapean, musikarekiko sentsibilitatea duten neska-mutilen talde bat bildu nahi da, koru eta ahots-teknikako prestakuntza emateko. Horregatik, urrian zehar, entzunaldiak egingo dira jasotako eskaera guztien artean.

Tenplua gurtzarako ireki ondoren, Santa Maria Katedrala Fundazioaren kultur proiektuak beste pauso bat eman du, haur-koru bat abiaraziz. 7tik 13 urtera bitarteko neska-mutilei zuzendua, asmoa da ekimena pedagogikoa eta kulturala izatea. Carlos Menak zuzenduko du, eta koruko kideek prestakuntza jasoko dute 2014-2015 ikasturte osoan zehar. Eskolak eta entseguak Fundazioko instalazioetan egingo dira asteazkenetan, eta 25 euroko kostua izango dute hilean ikasle bakoitzeko. Prestakuntzarako prezio bat finkatu bada ere, interesatutako familien baldintza ekonomikoak kontuan hartuko dira, hain zuzen ere gai den eta hautatua izan den haurrik proiektutik kanpo gera ez dadin.


Koruaren helburu nagusiak izango dira taldean abestearekiko gustua garatzea, 1300. eta 1800. urteen arteko pieza profanoak nahiz elizkoiak biltzen dituen errepertorio historiko baten bitartez, eta San Maria Katedralaren espazio erlijiozko eta kulturalarekin harremana izatea. Era berean, neska-mutilak koru-kantuan eta bakarkako ahots-teknikan prestatzen saiatuko dira, baita giza talde bat prestatzen ere, hain zuzen ere musikaren bitartez errespetua, erantzukizuna eta kidetasuna sustatuz.

Carlos Mena izango da zuzendari artistikoa eta musikala, eta zuzendari laguntzaile bat eta lankide espezializatuak izango ditu, ahots- eta musika-garapenarekin lotuta ager daitezkeen unean uneko jardueretarako. Prestakuntza jasotzeaz gain, koruak etorkizuneko liturgia-ekitaldietan parte hartzea aurreikusten da. Horretarako, Unai Ibañez Berriozabal, Santa Maria Katedralaren kalonje kantariak arlo liturgiko eta erlijiozkoko prestakuntza arduraduna izango da

Carlos Mena Europako musika arloko kontratenor garrantzitsuenetako bat da. Errezitaldiak eman ditu munduko areto garrantzitsuenetan (Berlingo Filarmonikoa, Vienako Musikverein, Amsterdameko Concertgebouw, Tokioko Opera City Hall, New Yorkeko MET, Buenos Airesko Colón Antzokia, Sidney Opera House, etab.). Era berean, Santa Maria Kaperaren fundatzailea eta zuzendari artistikoa da 2009. urtetik, eta Europako eszenatoki ezberdinetan lan egin du arrakasta handiarekin, Madrilgo La Zarzuela Antzokian egin duen azken lan eszenikoa nabarmenduz, "De lo humano y divino" lana hain zuzen ere.

Korua osatuko duten kideak hautatzeko, hainbat entzunaldi egingo dira urrian zehar. Interesatuek beren eskaera aurkeztu beharko dute Katedralaren Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruilleria Plaza), irailaren 30a arte. Beren datu pertsonalekin batera, musika-ikasketak egin dituzten ala ez edo aurretiazko koru-esperientziarik duten zehaztu beharko dute.


Zuzendari laguntzailea

Halaber, entzunaldiak egingo dira zuzendari laguntzaile bat bilatzeko, Carlos Menarekin batera lan egingo duena eta haren eskutik ahots-teknikako eta interpretazioko prestakuntza jasoko duena. Musika historikoaren interpretazioan interesa duten haurren nahiz helduen koruetako zuzendariak aurkeztu ahal izango dira.

Eskaerak aurkezteko epea ere irailaren 30era arte luzatuko da, eta probak urrian egingo dira.