2015/02/10 Eliza atariaren balio artistiko, historiko eta sozialak nabarmentzen dituen argi eta soinu ikuskizuna da
Goardia, 2015eko otsailaren 10a.- Diputatu nagusi Javier de Andresek Argiaren ataria inauguratu du gaur goizean, Guardiako Erregeen Santa Maria elizan. Argi eta soinu ikuskizuna da, nabarmentzen dituena XIV. eta XVII. mendeen artean sortu eta izugarrizko garrantzia artistikoa duen eliza atari horren balio artistiko, historiko eta sozialak. Santa Maria Katedrala Fundazioak gauzatu du proiektua, erakunde horrek antzeko proiektu bat garatu baitzuen lehenago Gasteizko tenpluan.
Ikuskizunak goi mailako ondare elementu hori sustatu eta nabarmenduko du eta esperientzia txundigarria eskainiko die bisitariei, zeinek atariaren apartekotasuna miretsi eta ulertu ahal izango duten.
Horretarako, LED teknologiako proiektore batzuk jarri dira, hainbat ebakitze optika, iragazki eta leiar dituztenak eta argiak kudeatu eta kontrolatzeko sistema baten bidez maneiatzen direnak. Horrela izanik, argiak noiz eta zein intentsitaterekin piztuko diren programatu daiteke, gidoian ezarritako denbora tarteetara egokituta. Proiektoreek ez dute igortzen ultramorearen frekuentzietan, ezta erradiazio infragorririk ere, eta horrek ekiditen du gainazala berotzea eta bermatzen du Erregeen Santa Maria elizaren atariko tailu polikromatua egoera ezin hobean kontserbatzea.
Ikuskizunak bederatzi minutu irauten du. Hasieran, dena ilunpean dago eta, amaieran, elizako ataria guztiz argiztatuta geratzen da. Denbora tarte horretan, ikuslea buru-belarri sartzen da elizaren historiaren eta artearen deskribapenean. Azalpenen lagungarri eta gidoiaren parte gisa, naturako soinuak eta musika entzuten dira.