22/05/2015
Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzak 22.- Udarako, urteroko Santa Maria Katedraleko udalekuak antolatu dira. Aurten, hala nahi duten haurrak tenpluan zehar ibili ahal izango dira, haren historia ezagutu, eta sormena garatu ahal izango dute modu atsegingarri eta dibertigarrian, ondarea baloratzen ikasiz. Uztailaren 6tik 10era izango dira aurten.
Dagoeneko ohikoa den bezala, haurrentzako udaleku didaktikoen edizio berri bat antolatu du Santa Maria Katedrala Fundazioak datorren uztailean. Uztailaren 6tik 10era izango dira eta, parte hartu nahi dutenen kopurua handia bada, beste txanda bat antolatuko da uztailaren 13tik 17ra. 10:00etatik 13:30era izango dira. Beti bezala, 8 urtetik 11 urtera arteko haurrei zuzenduta daude eta elebidunak (euskara - gaztelania) izango dira. Aurten, berritasun gisa, taldeko 20 plazak betetzen ez badira, egun solteetan joateko aukera emango da udalekuak hasi aurreko astean.
Aurten, lehen egunak "Ongi etorri Katedralera" izenburua izango du, eta Santa Mariaren ezaugarri orokorren berri izango dute neska-mutilek. Haren historia, eraikuntza-faseak eta dituen arazoak ezagutuko dituzte. Eskulanetan, aste guztirako lan-uniformea egingo dute, hau da, Fundazioaren logotipoa den kuadrifoliodun kamiseta eta parte-hartzaile bakoitzaren izena agertzen duen txapa bana.
Bigarren egunean, "Hiribilduko setioa" izenburupean, katedralaren jatorria ezagutu dute; nola sortu zen katedrala Gasteiz herrixka inguratzen zuen harresiari lotuta, eta hiria defendatzeko asmoz. Lurpeko kripta ezagutuko dute, bere leiho estuekin, errondako pasagunean ibiliko dira, eta harresiaren oinetaraino hurbilduko dira, defendatzeko eta ekonomiari laguntzeko izan zituen funtzioak gogorarazteko. Eskulanen ordua denean, arkua eta geziak egin beharko dituzte, hau da, hainbat zibilizaziok ehizarako eta gerrarako milaka urtez erabili zituzten armak, baita Erdi Aroan ere, zaldunen ohiko armak baitziren.
Hirugarren eta laugarren egunek izenburu bera izango dute: "Artisauak eta merkatariak". Bi egun horietan, Erdi Aroko Gasteiz hiriko eguneroko bizimoduari, gremioei, artisauei eta merkatariei buruz hitz egingo dute. El Portalón eraikinera hurbilduko dira, XV. mendeko artisauen etxea eta posta-etxea zenera. Katedraleko talaiara igoko dira, baita ere, eta handik alde zaharra ikusi ahal izango dute. Eskulanetako jarduera zera izango da: Erdi Aroko artisauek egiten zuten bezala, kartoizko ehungailu txiki bat egingo dute eta zutoihal bat ehunduko dute koloretako lanekin. Gainera, katedraleko hainbat txokotan ezkutatutako arrastoen bidez, haurrak, bi taldetan banatuta, azken arrastora iritsi beharko dira memoriaz eta trebetasunaz baliatuta, haren bidez saria lortzeko.
Udalekuak amaitzeko, "Gazgile egun batez" izenburudun eguna izango dute, eta Añanako Gatz Haranera joango dira, urteroko bisita egitera. Bertan bi jarduera egingo dira. Lehenengo jarduera ibilbide didaktikoa eta parte hartzekoa izango da Gatz Haranean. Haurrek historia, arkitektura, arkeologia, paisaia, geologia, biodibertsitatea eta ingurumena uztartzen dituen paisaiaren ezaugarriak ezagutuko dituzte. Horrez gain, eurentzako bereziki egokitutako eremu ludiko batean izango da eta, egun batez, gazgile izango dira. Oinutsik ur gazitan daudela, artisau horiek gatza ekoizteko erabiltzen zituzten oinarrizko teknikak ikasiko dituzte.
Egun atsegin eta dibertigarriak pasa ditzaten laguntzeaz gainera, Santa Maria Katedrala Fundazioaren asmoa haurrek hiriko eta lurraldeko ondarea ezagutzea eta baloratzea da, eta ondare hori zaintzeaz eta ondareari duen garrantzia emateaz kontzientziatzea.
55 euro dira haur bakoitzeko udalekuetan parte hartzea. Katedralaren fundazioaren sortzaileen artean daudenen seme-alabek % 20ko deskontua izango dute. Egun solteetan parte hartzen bada, eguneko prezioa 15 euro izango dira. Plazak mugatuak direnez gero, aldez aurretik egin behar da erreserba Bisitariak Hartzeko Zentrora joanda (Buruileria Plaza) edo 945 255 135 telefono-zenbakira deituta.