Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

27/05/2015

Kontzertuan eta irekita programaren beste ziklo bat egingo da Santa Maria katedralean

2015/05/27 Laboral Kutxaren babesarekin eta Arabako Abesbatzen Elkartearen laguntzarekin antolatu da

Datozen asteetan, Kontzertuan eta irekita zikloaren beste edizio bat egingo da Santa Maria katedralaren elizpean. Oraingoan, lurraldeko abesbatzek eskainiko dituzte kontzertuak. Sarrera doan izango da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso behar dira katedralaren Bisitariak Hartzeko Zentroan.

Beste behin, Santa Maria Katedralaren Fundazioak musikari eskainiko dio kultura-programazioaren zati bat. Kontzertuan eta irekita ostiral honetan hasiko da eta uztailera arte egingo dira kontzertuak, Laboral Kutxaren babesarekin eta Arabako Abesbatzen Elkartearen laguntzarekin. Bost errezitaldi egingo dira. Guztiak katedralaren arkupean izango dira, 20:00etatik aurrera.

Lehena ostiral honetan izango da, maiatzaren 29an, eta Urkanta, Aiala, Eguzkilore eta Lautada Abesbatzek abestuko dute. Urkanta Abesbatza berriki sortu den taldea da, Urkide ikastetxean, eta Maite Gómez da zuzendaria. Ennio Morricone, Fred Watherly, Morten Lauriden eta Gabriel Olaizolaren lanak interpretatuko dituzte. Bestalde, Aiala Abesbatza, 1993an sortu zena, Dulantziko musika-eskolako haurren abesbatza da. Marian García da zuzendaria, eta, emanaldian, Ukrainako abesti tradizional bat eta Nectarios, Puolenc eta Italo Bianchiren lanak abestuko dituzte. Eguzkilore abesbatzak ere parte hartuko du. 1991an sortu zen Inma Arroyo zuzendariaren ilusioak bultzatuta eta Aguraingo Udalaren laguntzarekin. Mónica Pérez de Heredia ariko da zuzendari-lanetan. Urmas Sisaks, Benito Lertxundi edo Alfredo Donnayren lanek osatuko dute haien programa, besteak beste. Amaitzeko, Lautada Abesbatzak ere abestuko du, Jesús Merinoren zuzendaritzapean. 1985ean sortu zen Gasteizko Olabide ikastolan, gurasoen talde baten ekimenarekin. Besteak beste, Attaingnant, Händel, Aramburu eta Sarasolaren lanak interpretatuko dituzte.

Gainerako kontzertuak ekainaren 5, 12 eta 26an eta uztailaren 3an izango dira. Kontzertuetarako sarrera doan izango da, baina gonbidapenarekin joan beharko da. Pertsonako gonbidapen bat emango da. Katedralaren fundazioaren sortzaile diren bazkideentzat, kontzertua egin baino lehenagoko asteko astelehenean eta asteartean egongo dira eskuragarri Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plazan). Bazkideak ez direnek aste bakoitzeko asteazkenetik hasita hartu ahal izango dituzte sarrerak.