Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

28/12/2015

Santa Maria Katedrala Fundazioa eta Luis Aramburu Udal Eskola musika sustatzeko elkartu dira

15/12/28  Bi erakundeek espazioak trukatuko dituzte, eta fundazioak lehentasuna emango die eskolako ikasleei, tenpluan aritu daitezen

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 28a.- Santa Maria Katedrala Fundazioa eta Luis Aramburu Udal Musika Eskola elkartu egin dira, musikaren alde elkarlanean aritzeko. Bi erakundeek espazioak trukatuko dituzte, eta lehentasuna emango zaie eskolako ikasleei, tenpluan jardun dezaten.

 

Bi erakundeek ibilbide luzea egin dute elkarlanean. Eskolako ikasleen ikasturte amaierako kontzertuan ehun bat ikaslek hartzen dute parte, eta urteak dira tenplu gasteiztarrean egiten dela. Era berean, eskolak musika-tresnak lagatzen dizkio fundaziori, doan, beste ekitaldi batzuetan erabil ditzan horiek. Oraingoan, urrats bat gehiago egin nahi izan dute euren harremanean.

 

Arabako diputatu nagusiak, Ramiro Gonzálezek, Santa Maria Katedrala Fundazioko presidentea den heinean, eta eskolako artezkaritza kontseiluko presidenteak, Iñaki Prusillak, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, 2019ra bitartean luzatuko dena. Aipatu hitzarmenaren bidez, bi erakundeen arteko harremana bultzatu nahi da, ikus-entzule edo interpretatzaile gisa, musika arloan trebatzeko aukera eman ahal izateko Vitoria-Gasteizko herritarrei.

 

Akordioak koordinazio eta lankidetza harremanak ezarri nahi ditu, herritarrak musikaren munduan eta kulturan oro har sentsibilizatzeko, hezteko eta trebatzeko eremuan, bai eta arlo horren gaineko jakinduria eta dibulgazioa sustatzeko eremuan ere, herritarrek bertan parte har dezaten. Horretarako, eskolak bere espazio fisikoak lagako dizkio Santa Maria Katedrala Fundazioari, ekitaldiak egin ditzan horietan. Hedegile kaleko 108. zenbakian dago eskola. Modu berean, eskolako ikasleei lehentasunezko tratua emateko konpromisoa hartu du fundazioak, horrek antolatutako ikastaroei eta kontzertuei dagokienean, bai eta katedraleko espazioa erabiltzeko konpromisoa hartu ere (ataria, nabea edo Santiago kapera), ekitaldiak egiteko bertan, kontzertuak eskuarki.