Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

02/03/2016

Santa Maria Katedraleko haurrentzako tailerrak Aste Santuan itzuliko dira hainbat berritasunekin

2016/03/02 Martxoaren 29tik apirilaren 1era egingo dira, eta egun guztietan edo egun solteetan joateko aukera izango da

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 2(an).- Santa Maria Katedrala Fundazioak haurrentzako tailer didaktikoen edizio berritzaile bat jarriko du martxan Aste Santuan. Aurten lau saio egingo dira. Saio horietako parte-hartzaileek Pazko-arrautzak apainduko dituzte, harresiaren babes-funtzioa ezagutuko dute eta ogia egingo dute, Erdi Aroko gastronomiaren oinarria. Martxoaren 29tik apirilaren 1era bitarte egingo dira, eta egun solteetan joateko aukera izango da. 

  Ohikoa denez, Aste Santuko eskola-oporrak iristear daude eta Santa Maria Katedrala Fundazioak jarduera bat antolatu du, neska-mutilek aukera izan dezaten tenplua ezagutzeaz gain, arkitekturara eta artera hurbiltzeko ere. Era berean, gazteen sormena garatu nahi da, eta aldi berean birziklatutako materialen erabilera sustatu nahi da. Hori guztia euskaraz eta gaztelaniaz egingo da.

Tailerrak martxoaren 29an hasiko dira "Pazko-arrautza" deituriko saioarekin. Egun horretan, katedralaren bisita osoa egin ondoren, Aste Santuaren eta Pazkoaren jatorria ezagutuko dituzte, eta baita arrautzak apaindu eta oparitzeko tradizioa ere. Tailerrean, parte-hartzaile bakoitzak bere arrautza apainduko du.

Bigarren egunak honako izenburu hau izango du: "Artzain-jokoa harresian". Egun horretan katedralaren jatorria ezagutu ahal izango da, hain zuzen ere, babes-izaerarekin Gasteiz inguratzen zuen harresiari atxikitako tenplu gisa.

Lurpeko kripta eta erronda-pasagunea bisitatuko dituzte, eta harresiaren oinera hurbilduko dira. Hirian eta harresian girotutako "Artzain-jokoa" izeneko estrategia-joko klasikoa sortzea izango da eskulana. 

  Aurtengo tailerretako berritasun nagusia martxoaren 31n izango da. "Eskuak oretan" izeneko saioan, parte-hartzaileak Erdi Aroko gastronomian barneratuko dira, zerealak oinarrizkoak zirenean, zehazki ogia. Paseoa egingo dute katedralaren inguruko kaleetan barrena, artisau eta merkatarien etxeak, El Portalon eraikina, Andatarren Dorrea eta Kordoi etxea ikusita Erdi Aroko eguneroko bizimodua irudikatzeko. Gero eskuak oretan jarriko dituzte eta bakoitzak bere ogia egingo du Aterpetxeko labean.

Tailerrak apirilaren 1ean amaituko dira "Aztarna-jokoa" izenekoarekin. Egun horretan, aurreko egunetan ikasitakoa berrikusiko da tenplura egingo den bisitan. Katedralaren barrualdean eta kanpoaldean barrena ibiliko dira eta haren zati nagusiak identifikatuko dituzte, eta baita arkitektura gotikoko elementuak ere. Ikasitakoa in situ berrikusteko modurik onena aztarna-joko baten bidez izango da. Haurrak bi taldetan banatuko dira eta proban jarriko dituzte oroimena eta oztopoak gainditzeko eta sarira iristeko trebetasuna eta abilezia.

Ohikoa den moduan, jardunaldiak 8 urtetik 11 urtera bitarteko neska-mutilei zuzenduta daude eta elebidunak (euskaraz eta gaztelaniaz) izango dira. Apirilaren 29tik apirilaren 1era egingo dira, 10:00etatik 13:00etara. Prezioak honako hauek dira: 15 euro (egun bat), 28,50 euro (bi egun), 40,50 (hiru egun) eta 51 euro (lau egunak). Katedralaren Fundatzaileen Elkarteko bazkideen edo haien seme-alaben kasuan, prezioak 12, 23, 32 eta 40 euro izango dira, egun kopuruaren arabera.

Plazak mugatuak direnez gero, aldez aurretik egin behar da erreserba Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria Plaza) edo 945 255 135 telefono-zenbakian.