Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

09/05/2016

Santa Maria Katedrala Fundazioak ibilbide gidatuak antolatuko ditu maiatzean eta ekainean gure koloretako ondarean zehar

2016/05/09 Ondarean adituak diren pertsonak egongo dira ibilaldi guztietan, eta bisitatuko diren lekuen gaineko berezitasunak azalduko dituzte. Etapa bakoitza 11 eta 12 kilometro artekoa izango da, eta dagoeneko lekua erreserbatu daiteke Katedralean Bisitariak Hartzeko Zentroan

 

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 9a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak lurraldean zeharreko ohiko ibilaldiak antolatu ditu beste behin ere. Oraingo honetan, hiru ibilaldi diseinatu dira, eta, jarduera osasuntsu batez gozatzea ahalbidetzeaz gain, ondare aberatsa ezagutzea ere ahalbidetuko dute. Ibilaldiak maiatzaren 21ean eta 28an eta ekainaren 4an izango dira, eta dagoeneko irekita dago lekua erreserbatzeko epea.

  Eguraldi onaren etorrerarekin, gero eta eskari handiagoa duen jarduera berreskuratuko da, kirola eta artea uztartzearen ondorioz hazi baita. Aire zabalean ariketa fisikoa egitearekin batera, artearen mundura hurbiltzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, eta aurrera egin ahala topatuko dituzten kalitate handiko ondare-adibideak ikusiko dituzte.

  Hiru ibilaldi antolatu dira, maiatzaren 21ean eta 28an eta ekainaren 4an, hurrenez hurren, eta 11 eta 12 kilometro arteko distantzia ibiliko da horietan. Bederatzi urte baino gehiago dutenei eta oinez ibiltzera ohituta daudenei zuzendutako ibilaldiak dira eta, gehienez ere, 55 pertsonentzako lekua egongo da. Ibiltari guztiek izango dute istripu-asegurua eta, taldearekin batera, Gurutze Gorriko langileak, Arabako Donejakue Bideko Lagunen Elkarteko jendea eta Santa Maria Katedrala Fundazioko langileak ere izango dira. Aurten bada berezitasunik ere, izan ere, zapalduko ditugun tokien esanahi artistikoan sakonduko duten ondare-adituak eta espezialistak izango dira gurekin, natura, artea eta kultura elkartuko dituen bisita gidatu bihurtuz ibilaldi bakoitza.

  Goizeko 08:00etan irten eta Gasteizera 14:00ak aldera itzultzea aurreikusten da. Ibilaldi bakoitzaren prezioa 6 eurokoa da Katedralaren Fundatzaileen Elkarteko bazkideentzat, eta 9 eurokoa bazkide ez direnentzat.

  Lehenengo etapa San Millanetik abiatuko da 2016ko maiatzaren 21ean. Aguraingo Klaratarren komentua, San Juanen errondako pasabidea eta Aguraingo Udaleko ermita bisitatuko ditugu, eta, bertatik, Gazeo eta Alaitzara joango gara, hiriburu arabarrera autobusez itzultzeko gero.

  Bigarren egunean (maiatzaren 28an), Aialako ermitatik abiatuko dira parte-hartzaileak. Dulantzi, Añua eta Argandoña zeharkatuko dituzte, eta Estibalizko zentro erromanikoan amaituko dute ibilaldia.

  Hirugarren eta azken etapa Mendixurren hasiko da, eta hamar kilometro egingo ditu Arbuluraino. Arbulura iritsitakoan, autobusa hartuko dugu Legardara joateko, eta, bertan, parte-hartzaileek bideari ekingo diote berriz ere, Andetxara joateko. Han, bertako eliza behatu ahal izango dugu, Xabier Egaña artista ospetsuak 'Bizitzarako margoak' mural-proiektua garatu duen lekua, hain zuzen ere. Zehazki, ikonografia berria sartu du arte-hizkuntza garaikideak erabiliz egindako zertzeladen bidez, XVI. mendean zehar Araban garatu zen ikonografiarekin lotuta.   Lurraldeko ondarearen balioa azpimarratzea da ibilaldi horien helburua, beste elkarte batzuekin elkarlanean arituta; hala nola, Done Jakue Bideko Lagunekin, Arabako Lautadako Kuadrillako turismo-bulegoarekin eta ondarean adituak diren beste batzuekin.

  Informazio gehiago eta erreserbak: Katedralean Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plazan) eta 945 255 135 telefono zenbakian.