31/05/2016
Vitoria-Gasteiz, 2016eko maiatzak 31.- Datozen asteetan, "Kontzertuan eta irekita" zikloaren beste edizio bat egingo da Santa Maria Katedralaren arkupean, eta 700 koru-abeslari inguru igaroko dira bertatik. Lurraldeko koru-taldeetako kideak dira horiek, eta kontzertuak emango dituzte ostiralero, uztailaren 8ra arte. Kontzertuetarako sarrera doan izango da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira tenpluko Bisitariak Hartzeko Zentroan.
Beste behin ere, Santa Maria Katedralaren Fundazioak musikari eskainiko dio kultura-programazioaren zati bat. "Kontzertuan eta irekita" ostiralean hasiko da eta uztailera arte egingo dira kontzertuak, Laboral Kutxaren babesarekin eta Arabako Abesbatzen Elkartearen laguntzarekin. Igone Martínez de Luna Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Kepa Ortiz de Urbina Laboral Kutxako Komunikazio, Babes eta Gizarte Ekintza Lurralde arduradunak, Alfredo Vela Arabako Abesbatzen Elkarteko presidenteak eta Jon Lasa Santa Maria Katedrala Fundazioko zuzendariak aurkeztuko dute gaur prentsa-aurrean aipatu hitzordua.
Sei errezital programatu dira, eta 27 abesbatzak eta 700 inguru koru-abeslarik hartuko dute parte horietan. Ohikoa denez, katedraleko arkupean egingo dira guztiak, 19:45etik aurrera.
Lehena ostiral honetan izango da, ekainaren 3an, eta Vicente García, Eguzkilore, Enol eta Urkanta abesbatzek abestuko dute. Emakume talde txiki batek sortu zuen Vicente García abesbatza 1990ean; batetik, abesbatza bat eratu nahi zutelako, eta, bestetik, gure herriko folklorea eta musika ezagutarazi nahi zituztelako. Abetxukuko San Jose Langilea parrokiak eduki zuen lehenengo parrokoaren izena hartu zuten. 16 ahotsek osatzen dute, eta emakumeak dira gehienak. Uruñuelaren, Solozabalen, Langreren eta Josu Elberdinen piezekin egindako programa joko dute. Eguzkilore abesbatzak ere parte hartuko du. 1991an sortu zen Inma Arroyo zuzendariaren ilusioak bultzatuta eta Aguraingo Udalaren laguntzarekin. Mónica Pérez de Heredia ariko da zuzendari-lanetan. Musika koralari egokitutako errepertorio zabalean dago oinarrituta abesbatzaren musika-ildoa, bai polifonia klasikoan, bai euskal zein nazioarteko folklorean. Besteren artean, Leonard Cohenen, ABBAren, Luis Arambururen edo Sabin Salaberriren piezak edukiko ditu programak.
Enol abesbatza izango da hitzorduko beste protagonistetako bat. Hiriko Asturiar Zentroan sortu zen, eta Covadongako lakuetako baten izena hartu zuen. Duela 25 urte sortu zuten, eta, ordutik, Europa zeharkatu du kontzertuak joz, koruak trukatuz, habanera zikloak eginez, eta, are, CD bat grabatu du. Jesús Miguel Etayo gitarra-jotzaile birtuosoa da zuzendaria. Besteren artean, Kodalyren, Luis Arambururen eta Mikel Laboaren piezak joko dituzte. Amaitzeko, Urkanta Abesbatzak osatuko du errezitala. Urkanta Abesbatza berriki sortu den taldea da, Urkide ikastetxean, eta Maite Gómez da zuzendaria. Kantua eta musika korala sustatzea eta zabaltzea da koruaren xedea, bai eta gurasoei zein ikasleei musika polifonikoarekiko zaletasuna bultzatzea ere. John Rutterren, R. Manuelen eta John Leaviten piezekin egindako programa joko dute.
Gainerako kontzertuak ekainaren 10ean, 17an eta 24an eta uztailaren 1ean eta 8an izango dira. Kontzertuetarako sarrera doan izango da, baina gonbidapenarekin joan beharko da. Pertsonako gonbidapen bakarra emango da. Katedralaren fundazioaren sortzaile diren bazkideentzat, kontzertua egin baino lehenagoko asteko astelehenean eta asteartean egongo dira eskuragarri Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plazan). Bazkideak ez direnek aste bakoitzeko asteazkenetik aurrera hartu ahal izango dituzte sarrerak.
*Kontzertu guztien programa erantsi diogu prentsa-oharrari.