12/07/2016
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 6a.- Santa Maria Katedralaren elizpea izango da, datorren astean, urteko nobedade editorialetako baten aurkezpenaren agertokia hiriburu arabarrean. Eva García Sáenz de Urturiren lana da El silencio de la ciudad blanca, eta jendaurrean aurkeztuko du, nobelaren orrialdeetan ageri den agertokietako batean: tenplu zaharrean, hain zuzen ere. Hitzaldia asteartean izango da, iluntzeko 20:00etan, eta sarrera librea izango da lekua bete arte.
El silencio de la ciudad blanca (Planeta) hilabete eskas batzuetan bihurtu da fenomeno editoriala. Gasteizko eta Arabako agertokietan dago girotuta polizia-thriller hau, eta, adierazi dugun bezala, Santa Mariaren barrualdean hasten da. Lehenengo atalean, "La catedral vieja" izenekoan, mutil eta neska baten gorpuak aurkituko dituzte arkeologo batzuek, katedraleko kriptetako batean. Kriptetatik oso hurbil, arkupeetan izango da topalekua, eta, bertan, 'Una novela en construcción: Cómo escribí El silencio de la ciudad blanca' izenburua duen hitzaldia entzun ahal izango dute irakurleek.
Nobela irakurterraza da, eta Gasteiz bihurtu du krimen garaikideen epizentro. Eleberriaren bidez, egileak omenaldia egin dio bere hiriari, eta, gainera, berritu egin du Gasteizek literaturarekin duen harremana. Liburuaren orrialdeetan, monumentu garrantzitsuenak eta ezagunenak aurkituko ditu irakurleak, hala nola, Santa Maria Katedrala, Buruileria plaza, Erdi Aroko harresia, Senda ibilbidea, Kordoiaren Etxea, eraztun berdea edo Ibiltaria estatua; bai eta Gasteiz interesgune turistiko bihurtu duten ohiturak aurkituko ere, adibidez, Blusen eguna, Zeledon edo San Prudentzio, are saltoki historikoak ere. Era berean, folklorea gogoratu du, baita Gasteizko pertsonaia ospetsuak ere, hiriaren kronika beltzean modu lazgarrian ezagun egin ziren horiek ere barne hartuta.
Serieko hiltzailea
Gasteizko kaleetatik dabil serieko hiltzaile bat. Duela hogei urte jardun zuen lehen aldiz, baina duela gutxi agertu diren gorpu berriek zabaldu dute izua hirian, berriz. Alabaina, susmagarri nagusia, arkeologo telebista eta esoterismo zalea, kartzelan dago, eta inork ez daki konplize bat lortu duen, edo imitatzaile bat agertu den. Osagai horiekin osatu du Eva García Sáenz de Urturik polizia-thrillerra, eta duela urte batzuk Dolores Redondok Baztaneko trilogiarekin abiarazi zuen genero beltzaren eraberritzeari gehitu zaio. Izan ere, El silencio de la ciudad blanca nobelak ere krimenez dihardu, antzinako erritoez eta euskal legendez.
Optometrian tituluduna da Eva García Sáenz de Urturi, eta zuzendaritzako lanpostuak izan zituen optikaren sektorean. Gero, Alicanteko unibertsitatean garatu zuen karrera profesionala. 2012an, La saga de los longevos nobela salmenta-fenomeno bihurtu zen, eta ingelesera itzuli zuten, Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan arrakasta aparta eduki zuelarik. 2014an, Los hijos de Adán eta Pasaje a Tahití nobela historikoa argitaratu zituen. Bere hiru nobelak egon dira lehen postuan formatu digitalean, nazio mailan. Ohiko epaimahaikidea da literatura-lehiaketetan, eta hainbat komunikabiderekin kolaboratzen du. Hizlaria da, eta trebatzaile aditua idazketa sortzailean. Gainera, sarean jarraitzaile gehien dituen idazle nazionaletako bat da. Santa Maria Katedrala Fundazioak antolatu du hitzaldia, eta iluntzeko 20:00etan hasiko da, elizpean. Sarrera doan izango da aretoa bete arte.