Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

30/08/2016

Antzinako Musikaren 34. asteak 7 kontzertu ekarriko ditu Santa Maria Katedralera

2016/08/30 Gonbidapenak irailaren 1ean banatuko dira, 17:00etatik aurrera, Santa Maria katedralaren atarian

Gasteiz, 2016ko abuztuaren 30a. Arabako Antzinako Musikaren Astea, usadio bihurtua, badator gure lurraldera musikaren maitaleak laketzera munduko espezialistarik onenetako batzuekin. Zikloaren 34. aldi honetan, 7 kontzertu izango dira, irailaren 4a eta 10a bitartean, eta berrikuntza izango du Gasteiztik kanpo ere izango direla emanaldiak, orain arte hiriburuan bakarrik izan diren arren. Arabako hiriburuari dagokionez, kontzertuak Santa Maria katedralean eta Done Petri elizan izango dira. Azken urteotan eliza hori ez da programa barruan izan, baina, ekitaldi honetan, berriz sartu da.


Gasteizen, irailaren 6an izango da lehenbiziko hitzordua, Santa Maria katedralean, His Majestys Sagbutts and Cornetts talde ingelesaren soinuak entzuteko parada izango delarik. "2012an bete zituelarik 30 urte, taldeak betiko aitzindari espirituarekin jarraitzen du: bost mendetako musika ikertzea eta orduko musika tresna bikainen soinua eskaintzea entzule berriei grabazio, irrati eta telebista emanaldi eta zuzeneko jardunen bitartez.
Taldearen muina bi kornetak, hiru sakebutek eta organo edo klabezin batek osatzen dute, baina HMSCk, usu, bat egiten du kantari eta harizko musika tresnen jotzaileekin, eta koruen proiektuekin ere lan egiteko eskatzen diote”, azaldu du Joseba Pérez de Heredia Euskara, Kultura eta Kirol Saileko zuzendariak, zeinak zikloa aurkeztu baitu.