Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

06/03/2017

Santa Maria katedralak haurrei zuzendutako audiogidak eta ikus-entzunezko baliabide berria estreinatu ditu

2017/03/06 Arabako Foru Aldundiaren finantzaketari esker jarri dira abian audiogidak

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 6a.- Santa Maria katedralaren 'Obretan eta irekita' izeneko bisita gidatuen programak bi baliabide erakargarri berri jarriko ditu bisitarien eskura: bost hizkuntzatan erabil daitezkeen audiogidak, bisitari atzerritarren esperientzia hobetzen lagunduko dutenak, eta haurrei egokitutako ikus-entzunezko baliabidea. Bi proiektuak Arabako Foru Aldundiaren laguntzari esker gauzatu dira.

  Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatu Cristina Gonzálezek, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Lunak eta Santa Maria Katedrala Fundazioko zuzendari kudeatzaile Jon Lasak bi ekimen horiek aurkeztu dituzte gaur katedralaren arkupean egin den ekitaldian. Berritasunei buruz mintzatzean, "eskaintza aberasteko eta katedrala bisitatzen duten pertsonen eskaeretara egokitzeko beharra" dagoela adierazi dute.

2016. urtean 90.000 bisitari inguru hartu zituen Santa Maria katedralak, alegia, aurreko urtean erregistratutakoak baino %8 gehiago. Azken ekitaldietako bisiten bilakaera aztertu ondoren, atzerritik datozen bisitariak gero eta gehiago direla egiaztatu da, dagoeneko bisitari guztien %10. Horrez gain, familiak eta eskolek ikasleekin antolatutako bisitak ere ugariagoak dira.

Audiogidak bost hizkuntzatan

Duela zenbait aste, bisitariek eskura dute audiogiden zerbitzua, batik bat bisitari atzerritarren bisitak hobetuko dituztenak. Orain arte, antolatutako taldeetan bidaiatzen ez ziren bisitari atzerritarrek azalpenak gaztelaniaz edo euskaraz zituzten taldeetara batu izan dira, ugariagoak zirelako, logikoki. Informazioa beren hizkuntzan idatzitako liburuxka baten bidez helarazten zitzaien.

Hemendik aurrera, audiogidak eskuragarri egongo dira ingelesez, frantsesez eta alemanez. Hala, atseginagoa, osoagoa eta kalitate hobeagokoa izango da ibilaldia. Hortaz, bisitari hauek taldeka eta giden zaintzapean bisitatuko dute Katedrala, baina aukera izango dute eraikinaren historia eta bertako txoko guztiak beren hizkuntzan ezagutzeko. 16 puntu seinaleztatu dira ibilbidean zehar. Aiztogile kalean hasten da, bisitariari ongietorria emanez, eta arkupean bukatzen da. Bisitariak gehien interesatzen zaizkion xehetasunak aukeratu ahal izango ditu lurpeko kriptan, erdiko nabean, girolan, erronda-pasabidean, triforioan, dorrean eta arkupean, besteak beste.   Momentuz, hogeita hamar audiogida inguru daude. Arestian aipatutako hizkuntzez gain, euskaraz eta gaztelaniaz ere eska daitezke.

Haurrentzako ikus-entzunezko baliabidea

Halaber, foru-erakundearekin adostutakoari esker, bisitari gazteenenei egokitu da arkupeko polikromien historiari buruzko ikus-entzunezko ikuskizuna, argiz eta kolorez jositakoa. Santa Mariak gero eta bisitari gehiago hartzen ditu eskolei eta gurasoek antolatutako bidaiei esker, eta horietan haur ugari daude. Katedralera egiten duten bisita erakargarriagoa izan dadin eta arkupearen koloreak garai bakoitzean zeuden gustuen arabera nola aldatu diren ulertzeko gai izan daitezen, haientzako bertsio berezia prestatu dugu.   Hamar minutu baino gutxiago behar dute Laiak eta Grafix izeneko grafitilariak haurrei arkupearen itxurak denboran zehar izan dituen aldaketak azaltzeko. Haurrei egokitutako hizkera dibertigarria erabiliz, historiako hiru une zehatzetara egiten dute atzera (1896, 1799 eta 1546), arkupeak horietako bakoitzean zuen itxura aztertzeko. Gaur egun zer nolako itxura izango lukeen imajinatzera ere animatuko dira. Ikuskizuna gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eskaintzen da.

Arabako Foru Aldundiaren laguntzari esker gauzatu ahal izan dira bi proiektuak, "Arabako Lurralde Historikoko baliabide turistiko nagusietako bati balio erantsia emateko" xedearekin.