Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

30/05/2017

Hasi da musika sasoia Santa Maria Katedralaren elizpean

2017/05/30 Ekainaren 2an, ostirala, kontzertu koralen sasoi berria hasiko da Arabako Abesbatzen Elkartearen eta Laboral Kutxaren laguntzarekin

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzak 30.- Datozen asteetan, hainbat jarduera musikal egingo dira Santa Maria katedralaren arkupean. Egun hauetan ohikoa den bezala, Luis Aranburu Udal Musika Eskolako ikasleek entzunaldia eskainiko dute, ikasturtearen amaiera dela eta. Bihar eta ostegunean izango dira. Horrez gain, Kontzertuan eta irekita programaren ziklo berria hasiko da. Lau asteko epean, hogei abesbatza inguruk parte hartuko dute.

  Aurreko urteetan bezala, ikasleek, azken hilabeteotan Luis Aranburu Eskolan musika ikasten aritu ostean, kontzertuak emango dituzte Santa Maria Katedralaren arkupean, ikasturtearen amaiera dela eta. Bihar, asteazkena, piano ikasleen txanda zango da. Musika-tresna dotore hori kalera aterako dute bertaratzen direnei programa zoragarriarekin atsegin emateko, besteak beste, Tchaikowsky, Schumann, Beethoven, Mendelssohn eta Bartók musikarien abestiak biltzen dituena.

Bestetik, ostegunean, jada tradizioa den ikasturte amaierako errezitaldia izango da, non diziplina desberdinetako ikasleek musika-tresnekin ikasitakoa erakutsiko dieten entzuleei. Besteak beste, tronpeta-joleen taldeak, Jueverasik Band delakoak, Metalen Taldeak, Klarinete Taldeak eta Eskolako Abesbatzak parte hartuko dute. Bi kontzertuak 19:15ean hasiko dira eta doakoak dira, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso behar dira Bisitariak Hartzeko Zentroan.

            Kontzertuan eta irekita   

Halaber, ostiralean 'Kontzertuan eta irekita' ekimenaren edizio berria hasiko da, denboraldi guztietan lurraldeko musika koralaren omenez egiten den zikloa. Arabako Abesbatzen Federazioaren laguntzarekin eta Euskadiko Kutxaren babesarekin, ekainean egingo diren lau errezital programatu dira. Errezital horietan, zazpiehun ahots inguru eta askotariko errepertorioak entzun ahal izango dira. Katedralaren arkupean egingo dira denak, 19:45ean.

Programatzen diren ekimenen artean, 'Kontzertuan eta irekita' izaten da arrakastatsuenetako bat, koru-musikaz gozatzeko aukerak pizten duen interesa dela-eta, jarraitzaile ugari baitauzka. Bestalde, badu beste xarmarik ere; izan ere, entzuteko eta gozatzeko gonbita luzatzen duen ingurune oso berezian egiten da; arkupeetan, alegia.

Inaugurazio-kontzertua ekainaren 2an izango da, ostirala, arratsaldeko 19:45ean. Honako abesbatza hauek hartuko dute parte: Urkanta, Itzalde, Dultzinea, Gurasoak eta Manuel Iradier. Hilaren 9an, berriz, honako hauen txanda izango da: Haritz Hostoa, Florida, Anhelos del Rocío, Maiora Canemus eta Enol. Hirugarren astean, Vicente Garcia, Badaya, Adinekoen Ikasgelak, Eguzkilore eta Ortzadar-Ioar izango dira agertokian. Amaierako kontzertua ekainaren 23an izango da, Lautada, Santa Lucía, Ahots Argiak, Mairu eta Joyful Gospel Choir abesbatzen eskutik.

Sarrera doan izango da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso behar dira katedralaren Bisitariak Hartzeko Zentroan. Katedralaren fundazioaren sortzaile diren bazkideentzat, kontzertua egin baino lehenagoko asteko astelehenean eta asteartean egongo dira eskuragarri Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plazan). Bazkideak ez direnek aste bakoitzeko asteazkenetik aurrera hartu ahal izango dituzte sarrerak.