Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

16/01/2018

Europak gaur egun duen paperari buruzko hitzaldi-ziklo interesgarria hartuko du Europa jauregiak

Santa Maria Katedrala Fundazioak, Teologiako Fakultateak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatu dute ‘Cultura y fundamentos de Europa/Kultura eta Europako oinarriak’ zikoa

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 16a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak, Teologiako Fakultateak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak beste hitzaldi-ziklo bat antolatu dute elkarrekin. Bihar hasiko da, Europak gaur egun duen paperari buruzkoa izango da, eta askotariko kultura-adierazpenen bidez jorratuko da. Antonio Altarriba idazle, nobelagile eta EHUko literatura frantseseko katedraduna izango da lehenengo hitzorduko protagonista. Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.

Iaz, Erromako Itunaren 50. urteurrena oroitu zen, horixe izan baitzen Europar Batasunaren abiapuntua. Zalantzarik gabe, hari askok ehundu zuten Europako historia, baina kultura izan zen prozesu horren elementu nagusietako bat. Premisa horrekin, Europak egun duen paperari buruzko hausnarketa bultzatu nahi dute Santa Maria Katedrala Fundazioak, Teologiako Fakultateak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, ‘Cultura y Fundamentos de Europa /Kultura eta Europako oinarriak’ izeneko zikloaren bidez.

Bost hitzordu antolatu dituzte maiatzera bitartean, eta, horien bidez, Europako kulturaren gainean duten ikuspegiaren berri emango digute beren gaitasun-eremuan lehen mailakoak diren pertsona ospetsuek, kulturaren askotariko adierazpenetatik igarota (literatura, musika, zinema, artea, etika, arkitektura, zientzia, erlijioa eta abar). Hitzaldiak hiriburu arabarreko Europa biltzar-jauregian egingo dira.

Horietariko lehenengoa bihar izango da, asteazkenean, 19:30ean, Europa jauregiko Micaela Portilla aretoan. ‘De cuadros y viñetas. La narrativa visual en la cultura europea’ izenburupean, Antonio Altarriba saiakera-idazle, nobelagile, kritikari eta gidoilariak kontinenteko kulturaren gainean duen ikuspegiaren berri emango digu, ezin hobeto ezagutzen duen eremutik abiatuta. Literatur frantsesaren katedraduna da EHUn, eta Espainiako komikigintzako izen entzutetsuenetako bat da, gidoilari eta teorialari gisa. 2009an, ‘El arte de volar’ argitaratu zuen, azken garaiotako eleberri grafiko arrakastatsuenetako bat.

Ondoren, maila handiko hizlariak edukiko ditugu; hala nola,Javier González de Durana arte-kritikari, unibertsitateko irakasle eta museoetako zuzendaria, zeinak eremu artistikoena jorratuko duen  (otsailak 21); Melchor Sánchez de Toca apaiza, kulturaren eta fedearen arteko elkarrizketari buruzko hainbat artikulu eta lanen egilea (martxoak 21). Zikloa maiatzaren 23an arkitektura protagonista izango duen hitzaldi batekin amaituko da. 

Santa Maria Katedrala Fundazioak, Arabako campuseko Teologiako Fakultateak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak sinatuta daukaten lankidetza-hitzarmenean kokatzen da ‘Cultura y Fundamentos de Europa /Kultura eta Europako oinarriak’ hitzaldi-zikloa, hitzarmenaren xedeen artean baitago "gizartearentzat interesgarritzat jotzen ditugun gaurkotasuneko gaiak aztertzea".

Hitzaldi guztiak egingo dira Europa biltzar-jauregian, 19:30ean, eta sarrera doakoa izango da aretoa bete arte. Zikloak, bestalde, Vitoria-Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza dauka. 

Cultura y fundamentos de Europa. Ciclo de conferencias