12/02/2018
Webgunea, ibilbide birtualak eta seinaletika berritu ditu, hizkuntzen eta azpitituluen eskaintza zabaldu du, eta hego transeptuko ganga jasotzeko lanari buruzko bideo berri bat erantsi du bisitan
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 12a.- Santa Maria Katedralak berrikuntza askorekin ekin dio 2018ari. Besteak beste, webgunea berritu du, hego transeptuko ganga jasotzeko lanari buruzko bideo bat erantsi du ibilbide gidatuan, hizkuntza-eskaintza zabaldu du eta kanpoko seinaleztapena hobetu du.
Proiektu horiek guztiek Arabako Foru Aldundiaren finantziazioa dute, eta helburu komun gisa dute tenpluaren turismo- eta kultura-arloko eskaintza hedatzeko bitartekoak eta tenpluaren irudia modernizatzea, baita bisita-programako zerbitzuak eta edukiak hobetzen jarraitzea ere, tenplua bisitatzen dutenen esperientzia aberatsagoa eta erakargarriagoa izan dadin.
Santa Mariak bisitarien kopurua handitzen jarraitzen du urtez urte, eta guztira 90.543 pertsonek bisitatu zuten 2017an zehar; aurreko ekitaldian baino % 3,2 gehiago. Santa Maria Katedrala Fundazioa erakunde publikoekin lanean ari da hiriaren baliabide turistiko nagusietako batek eskaintzen dituen aukerak zabaldu eta sendotzeko.
Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sustapeneko diputatu Cristina Gonzálezek eta Fundazioaren zuzendari Jon Lasak prentsaurreko bat eman dute, Foru Aldundiak 2017an helburu horretara bideratutako 50.000 euroko ekarpenarekin abian jarri diren ekimenak aurkezteko. Era berean, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Luna ekitaldian egon da.
“Santa Maria Katedrala Vitoria-Gasteizko eta Arabako turismo-errekurtso nagusietako bat da, eta Foru Gobernuak errekurtso horren eskaintza etengabe hobetzeko lanak sustatzen jarraitu du. Etengabeko hobekuntza, hain zuzen ere bisita eduki berriekin hornitzeko, zerbitzuak zabaltzeko, aldaketa teknologietara egokitzeko, eta bisitaria harritzen jarraitzeko”, azaldu du Cristina Gonzálezek.
Bidaia denboran zehar
Berrikuntza nabarmenetako bat izan dira www.catedralvitoria.eus webgunean egin daitezkeen ibilbide birtualak. Santa Maria Katedralaren bisitaldi birtuala hainbat irudiren bitartez tenpluaren txokoetan barrena nabigatzea baino askoz gehiago da; denboran zehar garamatzan bidaia bat da, eta 2001ean barrualdeko indusketa-lanak hasi ziren aurretik abiatzen da. Hortik aurrera, argazki panoramikoak eta esferikoak egin dira aldizka, eta egungo irudiekin osatu dira.
Eskaintza horren bitartez, bisitariak tenpluko leku baten hainbat ikuspuntu hautatu ahal izango ditu, zaharberritze-lanaren prozesuko etapetan nola bilakatu den ikusteko. Esperientzia benetan ikusgarria egiteko, kokapen beretik hainbat urtetan egindako panoramak sinkronizatu dira, eta horri esker, egungo ikuspegia nahi dugun urtera egunera dezakegu.
Era berean, nazioarteko bisitariei buruz modu berezian pentsatu da, sektore hori 2017an % 21 handitu baita, eta tenpluko bisitaren hasieran eskaintzen den ikus-entzunezko proiekzioa frantsesez eta alemanez ere prestatu da. Orain arte gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez ikus zitekeen bakarrik. Horrez gain, azpitituluak egin dira adierazitako hizkuntzetan, entzumen-ezintasunak dituzten pertsonek ere zailtasunik gabe gozatzeko aukera izan dezaten.
Ildo beretik beste hobekuntza bat egin da, hain zuzen ere audiogidak italierara hedatu baitira, bisita gidatua taldekoa ez den beste hizkuntza batean egin ahal izateko. Audiogidarako tresna bost hizkuntzatan jarri zen iaz (gaztelania, euskara, ingelesa, frantsesa eta alemana), eta urte osoan zehar oso baliagarria izan dela egiaztatu da. Are gehiago, obren ondorioz ibilbideetan egin diren aldaketetara egokitu da edukia.
Ganga jasotzeko lanari buruzko ikus-entzunezkoa
2016ko uztailean, katedraleko museoa inauguratu zen. Museo bihurtutako gunea lurpeko kriptaren eremuan eta habearte zentralaren barnean kokatu da, eta bisita gidatuak osatzen ditu. Puntu aipagarrietako bat da ‘Santa Maria: gaixo zegoen arkitekturarentzako irtenbidea’ ikus-entzunezkoa, hain zuzen ere katedralaren egiturazko oreka berrezartzeko egin diren jardunak azaltzen dituena. Horren bitartez, bisitariak zaharberritze-prozesuko lanik ikusgarrienetako bat eta ongien dokumentatuetako bat ulertu ahal izango du: 2010ean hego gurutzerian egindako gangaren jasotze-lana.
Izan ere, plementuaren puska bat erori zen puntu horretan, eta ondorioz, katedrala jendearentzat itxi egin zen eta zaharberritze-lanei hasiera eman zitzaien.
Webgune berria
Azken urte honetan, Santa Maria Katedrala Fundazioak ahalegin berezia egin du bere irudia eta bisitariekin komunikatzeko kanalak eguneratzeko. Alde batetik, webgunea berritu da (www.catedralvitoria.eus). Hasiera beretik, baliabide hori erreferente izan da tenpluan egiten ari den zaharberritze integralaren sozializazioan, bai alderdi teknikoei dagokienez, bai turismo- eta kultura-alderdiei dagokienez. Hala ere, teknologiaren bilakaeraren ondorioz, eta bisita guztien erdia baino gehiago gailu mugikorren bitartez egiten direla kontuan hartuta, webgunea goitik behera berritu behar izan da. Diseinua eta edukia eguneratu dira, orri bisuala, intuitiboa eta gailu mugikorretatik guztiz nabigagarria eskaintzeko.