27/04/2018
Santa Maria Katedrala Fundazioak antolatuko du, Jazzargia Elkartearen lankidetzarekin, eta askotariko proposamenak eskainiko dira urrira bitartean, besteak beste, flamenkoa, folka, jazza edo musika klasikoa
Santa Maria Katedralaren elizpea kultura-programazio zabal baten agertoki izango da berriro aurtengo udaberrian eta udaran. Aurretiazko ekimenen arrakasta ikusirik, Jazzargia Kultura Elkartearen lankidetzarekin, aurten sei kontzertu emango dira, era askotakoak, ospe handiko musikariekin, besteak beste Diego Vasallo musikariarekin edo José Tomás Jiménez flamenko-kantariarekin. Sarrerak eskuragarri egongo dira tenpluaren Bisitarien zentroan edo www.kontzertuanetairekita.eus webgunean.
Santa Maria Katedrala Fundazioaren helburu nagusietako bat zera da: katedrala kultur etxe gisa sustatzea. Arte guztiei eta hirian zein lurraldean eskaintza kulturala aberastu nahi duten eragile guztiei zabaltzea, publikoak zein pribatuak. Eta helburu horren barruan txertatzen da ‘Kontzertuan eta irekita’ ekimena, Jazzargia Kultura eta Musika Elkartearen eskutik antolatua.
Ordaindu beharreko kontzertuen blokea irailaren 22ra arte luzatuko da, eta estilo eta formatu askotako sei proposamen erakargarri biltzen ditu. Ana Alcaide izango da lehen emanaldiko protagonista. Eta, maiatzaren 26an Alcaidek Leyenda izeneko proiektu musikal eta eszenikoa aurkeztuko du eszenatokian, munduko hainbat altitudetako estiloak eta musika-tresna tradizionalak bilduko dituena.
Horren atzetik, Contratango igoko da Santa Mariaren eszenatokira, Sergio Fulqueris gitarristak 2003az geroztik garatu duen proiektua, tangoaren errepertorio klasikoko eta garaikideko piezarik onenekin. Ekainaren 16an egingo da.
Aurtengo emanaldien punturik garrantzitsuenetako bat ekainaren 30ean izango da. Izan ere, egun horretan, Diego Vasallo musikari eta idazleak, iraganeko Duncan Dhu taldeko kideak, bere disko berria aurkeztuko du: Baladas para un autorretrato. Lanak aldaketa bat adierazten du musikariaren ibilbide musikalean.
Iaz gertatu zen bezala, egunetako bat flamenkoari eskainiko zaio. Zehazki, uztailaren 28an José Tomás Jiménez gitarristarekin gozatu ahal izango dugu. Hain zuzen ere, artistak ‘Bordón minero’ saria irabazi zuen La Uniongo 2014ko Nazioarteko Kantu Jaialdian. Kasu honetan, Pozo la vid ikuskizuna aurkeztuko du.
‘Kontzertuan eta irekita’ ekimenak irailaren 8an jarraituko du, Alberto Arteta saxofonistarekin. Bere jaioterritik, Iruñeatik, eta prestakuntza burutu duen hiritik, Amsterdamekin, musikaren arloko gailurretara iristen ari da. Laurok errezitaldia aurkeztuko du.
Zikloa irailaren 22an amaituko da, Demonde Quartet taldeko lau kideen umorez beteriko ikuskizun musikalarekin. Beren nortasun xelebreekin zur eta lur utziko gaituzte. Ekitaldia irailaren 22an izango da.
Kontzertuei, artistei, prezioei eta sarrerei buruzko informazio guztia kontsulta dezakezu www.kontzertuanetairekita.eus webgunean. Kontzertu bakoitzerako sarrerak 10 euroko prezioa izango du, eta 6 euro kostatuko du Katedralaren Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzat. Era berean, ziklo osorako bonoak erosi ahal izango dira, 40 euroren truke, eta 25 euroren truke, bazkideen kasuan. Kontzertu-zikloa Vital Fundazioaren babesletzari esker egin daiteke.
Hala ere, ekimen hau Santa Maria Katedrala erreferentzia-puntu gisa izango duen doako egitarau batean txertatzen da. Maiatzaren 12an hasiko da, Poesia Jaialdiaren esparruan. Egun horretan elizpea Recuerdos gratos del pasado izeneko poesia, kantu eta balleteko ikuskizunaren agertoki izango da.
Ekainaren 1ean hasiko da denboraldi guztietan lurraldeko koru-musikari eskaintzen zaion atala. Hilabeteko ostiral guztietan, Arabako Abesbatzen Elkartearen laguntzarekin eta Laboral Kutxaren babesarekin, bost errezitaldi antolatu dira, zortziehun ahots inguru eta errepertorio anitz entzuteko aukera eskainiz. 19:45ean egingo dira elizpean.
Aurreko deialdietan izandako arrakasta ikusirik, udaran aire zabaleko zinema-saioak egingo dira berriro, horiek ere Laboral Kutxaren babesarekin. Uztailaren 13an eta 14an, abuztuaren 31n eta irailaren 1ean egingo dira, eta haurrentzako filmez gain, ikus-entzule helduei zuzendutako beste film batzuk ere proiektatuko dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz.
Egitaraua osatzeko, Manilako (Filipinak) Santo Tomaseko Unibertsitateko Koruaren errezitaldi bat egingo da, hain zuzen ere bira batean baitaude beren hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko. Era berean, irailean, Antzinako Musikaren Astean errezitaldiak egingo dira, Arabako Foru Aldundiaren eskutik, eta magia-saioak antolatuko dira ere Magialdia ekitaldiaren esparruan.