Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

26/05/2020

Santa Maria katedralak berriro esekiko du «Obretan eta irekita» kartela

Ekainaren 2tik aurrera, bisita libreak egin ahalko dira katedralera, kripta, nabea, dorrea eta elizpea barne hartuta.

Katedralera bisitan datozenen segurtasuna eta higienea bermatuko dira, eta, horri begira, taldeak eta jende-pilaketak sortzea saihestuko da, ez baita baimendutako edukieraren herena gaindituko. Bada, bisita libreak egiteko plan berri bat diseinatu da, eta, horrekin, bisitariak katedraleko gela edo areto guztietatik ibiliko ahalko dira: horrela, katedralaren nahiz hiriaren historia eta bilakaera konstruktiboa ezagutu eta ikusi ahalko dituzte.

Bisitariek ibilbide osoan erabili beharko dituzte maskara eta eskularruak, eta ibilbidea ezin hobeto seinaleztatuta egongo da, jendeak elkar gurutzatzea eta jendea pilatzea saihesteko. 

Gela bakoitzean, tokian tokiko alderdiak ezagutaraziko dituzten atzerargiztapen-gailuak jarriko dira, eta, gainera, sor litekeen edozein zalantzari erantzuteko pertsona bat egongo da. Interesdunek azalpenetan sakondu ahal izan dezaten, audiogiden edukia haien esku jarriko da: telefono mugikorrean doan deskargatu ahalko da, bisita-txartela jasotzean.

Oraingoz, ekainean gauzatuko da bisita-eredu berri hau, astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era. Ordutegia zabaldu ahalko da, katedralera etortzen diren bisitarien kopuruaren arabera. 

Tarifa normala 8,50 eurokoa izango da; tarifa murriztua 5,50 eurokoa izango da, eta 6 eta 12 urte arteko haurrentzako tarifa euro 1ekoa izango da. Maskara ekartzen ez dutenei, bat emango zaie, bisitaren prezioari kostu bat gaineratuta.

 Informazio gehiago izateko, deitu 945 255135 telefono-zenbakira.

Uztailerako ohiko bisita gidatuak berreskuratzea aurreikusi da, baina osasun-agintariek ematen dituzten jarraibideen mende egongo da hori.