Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

Vitoria-Gasteizen, 2020ko urriaren 5ean.- Santa Maria Katedrala Fundazioak errealitate birtuala txertatuko du bihartik, urriaren 6tik, aurrera Katedralera eta Harresira bisita gidatuak egiteko programan, bisitariei denboran zehar ‘bidaiatzeko’ eta tenpluaren eta Gasteizko hiriaren jatorria eta bilakaera ezagutzeko aukera emateko.

Esperientzia, Arabako Foru Aldundiko Enplegua, Merkataritza eta Turismoa Sustatzeko Sailaren laguntzarekin eta finantzaketarekin gauzatu da, eta errealitate birtualeko gailu autonomoen erabileran oinarritzen da. Gailu horiek IX. mendera eraman eta murgilduko dituzte bisitariak, Katedralaren eta Hiriaren historian zehar ibilbide bisuala osatzeko.

Cristina Gonzalez Bigarren Ahaldun Nagusiorde eta Enplegua, Merkataritza eta Turismoa Sustatzeko foru diputatuak eta Jon Lasa Santa Maria Katedrala Fundazioko kudeatzaileak aurkeztu dute gaur tresna berria, eta ondarea berreskuratzeko lanak zabaltzeko programan horrelako elementuak sartzearen garrantzia azpimarratu dute.

“Proiektu honen helburua Katedralera eta Harresira egiten diren bisitak aberastea da, lehen aldiz bisitatzen gaituztenak harritzen jarraitzeko eta ezagutzen gaituztenei, gure ondare historiko-artistikoaren harribitxi hau berraurkitzeko arrazoiak emateko. Proiektua martxan jarriz, nazioartean saritutako bisita programaren kalitatea are gehiago handituko dugu”, azpimarratu du Cristina Gonzalez diputatuak. 

Errealitate birtualak ematen duen ikusmen arloko murgilketa hiru espazio adierazgarriren hautaketatik abiatzen da: Santa Maria Plaza, Santa Maria kantoia eta Kanpandorrea. Horietako bakoitzean, bisita gidatuaz gozatzen duten pertsonek, aldez aurretik indarrean dauden segurtasun eta desinfekzio neurrien arabera egokituta egongo diren VR betaurrekoak janzteko aukera izango dute, eta baita denboran bidaiatzeko ere, 360º-tan sortutako ikus-entzunezko piezei esker.


Aukeratutako lehen agertokia Santa Maria plaza da. Bertan, antzinako Gasteizek IX. mendean sortu zen Goi Erdi Aroko herrixkatik XII. mendeko lehenbiziko Santa Maria eliza eraiki zen arte izan zuen bilakaera ikusi ahal izango da.

Bigarren agertokia Santa Maria kantoian dago eta bisitaria hirira sartzeko ateetara eramaten du, harresia zeharkatuz. XII. mendean, Gasteizek harresia eraikitzeari ekin zion, eta sarrerako ateetako bat iparraldean egin zuen. XIV. mendearen bigarren erdialdean, katedralaren nabeko lanak zirela eta, atea metro batzuk eskuinera eraman behar izan zen, eta, ondoren, XVI. mendearen bigarren erdian, atea Frai Zacarias kalera lekualdatu zen berriro, arkupean Paterninatarren kapera eraikitzearen ondorioz.

Bigarren agertoki honetan, atea berreraikitzeaz gain, ingurune guztia era birtualean birsortu da, bisitariak bideak, katedralaren dorrea, harresietatik kanpora dagoen Santa Maria nekropolia, Andatarren dorrea, Santo Domingo komentua eta Erdi Aroko gainerako hiria ikusteko aukera izan dezan.

Azkenik, hirugarren puntuak Katedralaren kanpandorrera eramango ditu bisitariak, lurraren mailatik 60 metro gora. Posizio horretatik, egungo hiriaren panoramika eta Gasteizko bilakaeraren errekreazio bolumetrikoa ikusi ahal izango dira.

Esperientzia, katedraleko kriptak eta hiriko harresia bisitatuz osatuko da, bisitaria hiriaren hirigintzak izan duen bilakaeran murgilduko duen ibilbide didaktikoa osatuz. Interesatuek “Errealitate Birtuala esperientzia eta Harresia” erreserbatu beharko dute katedralaren webgunean edo 945 255135 telefono zenbakira deituz, bihartik, urriak 6tik, aurrera.

Nolanahi ere, 360º-ko bideoak jende guztiaren eskura egongo dira Fundazioaren www.catedralvitoria.eus webgunean, eta mota horretako edukiak erreproduzitzeko egokia den edozein gailutan ikus daitezke.

Lana asmo handiko ikerketa eta hedapen proiektu baten barruan dago, Santa Maria Katedralean egindako indusketetan abiatuta egin diren ikerketetan oinarritutako katedralaren eta bere ingurunearen eredu birtuala gauzatzen duen proiektuan, hain zuzen ere. EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldea arduratzen da informazio historiko guztia emateaz, eta baita Gasteizko muinoa osatu duten elementu guztien kokapen geometrikoa zehazteaz ere. Burgosko Unibertsitateko 3dUBU ikerketa-taldea, ikerketa historikoei eta arkeologikoei aplikatutako teknologia berrien erabileran aditua, arduratzen da 3D modelatzea egiteaz.