Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

02/12/2020

Santa Maria katedralak “jarduera seguruak” eskainiko ditu Sortzez Garbiaren zubian

Santa Maria Katedrala Fundazioak haurrentzako tailerrak eta Errealitate Birtualeko esperientzia-saio berriak programatu ditu abenduaren 5etik 8ra bitarteko jaiegunetan. Gainera, Harresiaren Tarte Zaharrerako sarrera librea izango da, eta asteartean, hilaren 8an, bisita gidatuak antolatuko dira harresira.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko abenduaren 2an.- Santa Maria Katedrala Fundazioak hainbat jarduera seguru programatu ditu Sortzez Garbiaren zubirako, jaiegunetan Gasteizen askotariko aisia eta kultur proposamena eskaintzen laguntzeko.

Jarduera programak, berrikuntza nagusi gisa, Errealitate Birtualaren Esperientzia indartzea aurreikusten du. Zubian zehar saio kopurua bikoiztu egingo da, goizez (11:30) zein arratsaldez (17:00) eskainiko baitira.

Halaber, 7 eta 10 urte bitarteko haurrentzako Bisita-Tailerrak antolatuko dira. Horietan katedral osoa bisitatuko da, dorrea barne, Gabonekin zerikusi handia duen jolas-jarduera batekin amaitzeko: elurrezko panpina bat egingo da birziklatutako materialekin.

Aldi berean, zubiko egun guztietan zehar, Harresiaren Tarte Zaharrera sartzeko aukera izango da, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era. Gainera, abenduaren 8an ate irekien jardunaldia egingo da, segurua eta kontrolatua, eta iraupen laburreko doako bisita gidatuak egingo dira 6 laguneko taldeetan eta edukiera bete arte. Horretarako Bisitarien Zentroaren telefonoan (945255135) aurretiko hitzordua eskatzea beharrezkoa izango da.

Era berean, katedralera eta harresira egiten diren bisita gidatuei eutsi egingo zaie, eta talde bakoitzak gehienez 6 lagunentzako lekua izango du. Taldeen edukiera betez gero, bisita audio-gidarekin egin ahal izango da.

Jarduera guztiak eta prezioak eta erreserben kudeaketa katedralaren www.catedralvitoria.eus webgunean edo 945 255135 telefonora deituz kontsulta daitezke.