Kantautore kubatarrak Santa Mariako Elizpean joko du larunbat honetan, uztailaren 23an, Santa Maria Katedrala Fundazioak eta Jazzargia Kultura eta Musika Elkarteak bultzatutako “Kontzertuan eta Irekita” ekimenaren barruan
Vitoria-Gasteizen, 2022ko uztailaren 21ean.- Pablo Milanes kantautore kubatarrak Santa Maria elizpea “argituko” du larunbat honetan, uztailaren 23an, “Días de Luz” bere azken ikuskizuneko abestiekin, “Kontzertuan eta Irekita” ekimenaren 2022ko edizioaren une gorenetako batean. Santa Maria Katedrala Fundazioak eta Jazzargia Kultura eta Musika Elkarteak bultzatutako ekimen horri esker, dagoeneko Inun euskal kantautorearen eta Kataluniako Metropolitan Union “barbershop” taldearen emanaldiez gozatu ahal izan da Gasteizen. Milanésen emanaldiaren ondoren, 2022ko “Kontzertuan eta Irekita”, irailaren 10ean amaituko da Tomás Merlo eta Jorge Castañedaren errezitaldiarekin.
Pablo Milánesen emanaldirako sarrerak salgai jarri eta egun gutxira agortu ziren. Ekimenaren arduradunen iritziz, horrek “agerian uzten du piztutako interesa eta, batez ere, Pablo Milanes eta beste hainbat artista nabarmenen parte-hartzearekin asmo handiagoa izan nahi izan duen programazioari ematen zaion babesa”, ziurtatu du Joseba Cabezas Jazzargiaren arduradunak.
Izan ere, artista kubatarrak Katedralean eskainiko duen kontzertua beste urrats bat da Arabako hiriburuko udako kultur programazioan bere lekua aurkitu duen programa sendotzeko bidean. Horrela, Pablo Milanesek berak adierazi zuen aurtengo “Kontzertuan eta Irekita” ekimenean parte hartzeko interesa, agertokiaren berezitasunarengatik eta gertuagoko emanaldi intimista eskaintzeko aukerarengatik.
Larunbat honetako kantautore kubatarraren emanaldiaren ondoren, musikazaleek “Kontzertuan eta Irekita” ekimenarekin gozatzeko azken aukera izango dute oraindik. Datorren larunbatean, irailak 10, Santa Maria elizpean Jazz Fusio emanaldia izango da Tomas Merlo musikari, konpositore eta moldatzailearen eskutik, Jorge Castañedak lagunduta. Mallorcako artistak, 70eko hamarkadaren amaierako eta 80ko hamarkadaren hasierako jazz rockaren eragina gogora ekarriko duen “Crisis” diskoa aurkeztuko du.
Emanaldia uztailaren hasierarako aurreikusita zegoen, baina atzeratu egin behar izan zen, antolaketarekin zerikusirik ez zuten arrazoiengatik. Interesatuek “Kontzertuan eta irekita” webgunean, www.catedralvitoria.eus webgunean edo 945 255135 telefono-zenbakian erosi ahal izango dituzte sarrerak.