Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

17/03/2023

Santa Maria Katedrala Fundazioak Katedralaren ondare artistikoa ezagutzera emango du “Altxor Bizia” proiektuaren bidez

Proiektuak material eta jarduera hauek ditu: bisita artistiko berri bat, aurkezpen bideo bat, dibulgazio liburuxka bat eta arteari buruzko atal espezifiko bat Fundazioaren webgunean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko martxoaren 17an.- Santa Maria Katedrala Fundazioak Katedralaren ondare artistikoa balioetsi eta ezagutaraziko du Arabako Foru Aldundiaren Turismoaren finantzaketarekin garatutako ‘Altxor Bizia’ proiektu berriaren bidez. Proiektu honek euskarri eta elementu berriak ditu, horien artean bisita artistiko bat, jardueren eta esperientzien eskaintza indartzen duena, dibulgaziozko bideo bat, argitalpen bat eta atal espezifiko bat arte.catedralvitoria.eus web atarian.

Ekimen honen helburua gasteiztar, arabar eta bisitariei “katedralaren berezko elementuetan eta Santa Mariari dagokion arte higigarrian aurkitzen den edertasuna erakustea da.”

Cristina Gonzálezek, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak; Jon Lasak, Santa Maria Katedrala Fundazioko gerenteak; eta Fernando R. Bartolomé Garcíak, EHUko irakasle eta Katedraleko ondare higigarriaren balorazio historiko-artistikoaren arduradunak aurkeztu dute proiektua gaur Santa Maria Elizpean. Gasteizko Gotzaindegiko ordezkariak ere bertan izan dira.

Cristina Gonzálezek azaldu duenez, proiektu hau Katedraleko bisita-programak bisitariei eskaintzen dizkien jardueren eta esperientzien eskaintzaren “etengabeko hobekuntzaren” barruan kokatzen da. “Programa hau eraikinaren zaharberritze-lanetan eta errealitate birtualak eskaintzen dituen aukeretan zentratu da orain arte, eta tenpluaren ondare artistikoari ere balioa emateko unea zen, gasteiztarrei, arabarrei eta bisitariei ezagutarazteko”.

Ekitaldian agerian geratu denez, ekimen horren bidez Santa Maria Katedrala Fundazioak eraikinaren ondare artistikoa laburbildu eta aurkeztu nahi izan du, modu atseginean eta jende guztiarentzat eskuragarri. Fernando R. Bartolomé irakasleak adierazi duenez, “Katedralera hurbiltzen den edozeinek horma horien artean dagoen ondare aberastasun izugarria ezagutu ahal izango du”.

Bestalde, Jon Lasa Fundazioko Gerenteak azpimarratu duenez, ikuspegi artistikoa “gure dibulgazio-proiektuaren parte garrantzitsu bihurtzen ari da”. Gainera, Lasak eskerrak eman nahi izan dizkie Gasteizko Gotzaindegiari eta, bereziki, Ondare Historiko-Artistikoaren eta Dokumentalaren Ordezkaritzari, bai eta Katedraleko Kabildoari ere, “Altxor Bizia” proiektuan izan duten lankidetzarengatik eta laguntzarengatik.

Horren ondorioz, Santa Maria Fundazioak Katedraleko “Altxor Bizian” murgiltzeko aukera eskainiko du gaurtik aurrera, hainbat proposamenen bidez. 

Lehenik eta behin, arte.catedralvitoria.eus abian jarrita, ondare artistikoarekin erlazionatutako informazio-fitxak, argazkiak eta deskarga daitezkeen liburuxkak jasotzen dituen katedralaren webguneko atal espezifikoa. Bertatik eta Katedraleko Youtubeko kanaletik “Altxor Bizia” izeneko ikus-entzunezko piezara ere sartu ahal izango da. Bertan, ibilbide bat egingo da elementu artistiko esanguratsuenetan barrena.

Webguneko atal horren bidez, katedralaren ondare higigarritik eta monumentaletik aukeratutako 65 obra ikus daitezke, pdf formatuan deskarga daitezkeen bakoitzaren fitxekin. Pieza bakoitzak argazki orokorrak eta bereizmen handiko xehetasun zabalgarriak ditu. Guztira 200 irudik baino gehiagok osatzen dute artxiboa, eta lan guztien edertasunaz eta kalitateaz gozatzeko aukera ematen dute. Gainera, eduki guztia 4 hizkuntzatan dago eskuragarri eta entzun egin daiteke.

Bestalde, Fundazioaren jardueren eskaintzan ‘bisita gidatua Katedraleko artean zehar’ sartu da, pertsonako 9 euroko prezioarekin (6 euro prezio murriztuaren onuradunentzat). Gainera, 52 orrialdeko laburpen-katalogoa ere egin da. Inprimatutako bertsioan 3 euroren truke eros daiteke, edo webgunetik pdf formatuan doan deskarga daiteke.

Halaber, dibulgazioaren euskarri gisa, bisitaren oinarrizko informazioa eta ondare artistikoari eskainitako webgunearen atalari lotutako QR kodea dituen eta bisitariei oparituko zaien “Katedralaren Arterako” berariazko orri-markagailua diseinatu da.

Inbentarioa eta hautaketa-prozesua

1998 eta 2001 artean egindako Zaharberritze Plan Zuzentzailean, katedralean zegoen arte higigarri guztiaren inbentarioa eta katalogazioa jasotzen zen. Ondasun horien kontserbazio-egoera baloratu ondoren, zaharberritze arkitektonikoaren prozesuan leku seguruetara lekualdatu ziren. Ondoren, 2006 eta 2012 artean, Fernando R. Bartolomé García EHUko irakaslea, pinturak, eskulturak, erretaulak, altzariak eta kultuko eta erabilerako beste objektu asko katalogatzen aritu zen.

Lan horretan objektu horiekin lortutako informazio guztia, Santa Maria Katedrala Fundazioak horretarako diseinatu zuen katalogazio-fitxak zituen aplikazio batean irauli zen. Horrela, katedraleko arte higigarriaren zirrikitu historiko eta artistiko guztiak ezagutu ahal izan ziren. Eraikinaren zaharberritze arkitektonikoak aurrera egin eta eliza ‘berriro janzteko’ aukera eman ondoren, aldi baterako Arte Sakratuaren Museoan eta beste erakunde batzuetan utzitako artelanak bertara ekarri ziren.

2022an, Santa Maria Katedrala Fundazioko taldeak, katedralaren “Altxor Bizia” deitu izan dena ezagutzera emateko unea iritsi zela iritzi zion. Eskuragarri zegoen informazio guztiarekin artearen 65 elementu adierazgarrienak hautatu ziren: portadak (6), margolanak (13), eskulturak (12), erretaulak (4), altzariak (2), hilobiak (9), urregintzako piezak (12) eta beste hainbat elementu. Horiekin guztiekin testuinguratze-lan sakona egin da, obra bakoitzari buruzko testu iruzkinduak idaztea barne.

Fundazioak adierazi duen bezala, proiektu horren azken helburua Katedralaren ondare higigarria eta monumentala balioestea eta zabaltzea izan da, ezagutza sustatzea eta gizarteari transferitzea eta Katedraleko bisita gidatuen eskaintza aberastea bilatuz.