27/03/2023
Hirigintza arloko esku-hartzeari esker, narriadura-egoera nabarmenean zegoen eraikina erabilera anitzeko espazio bihurtu da, eta horrek alde zaharreko kalerik enblematikoenetako bat biziberritzen lagunduko du.
Hurbil dagoen Katedraleko aterpetxearen jarduera osagarriak hartuko ditu, Arabako Foru Aldundiak sustatutako Gazterock edo Zineleku gazte udalekuak, edo Gasteizko Udalarekin lankidetzan antolatutako eskola-umeentzako dibulgazio-tailerrak, besteak beste
Vitoria-Gasteizen, 2023ko martxoaren 27an.- Santa Maria Katedrala Fundazioak gaur aurkeztu du ‘Kutxi 103’ eraikinaren birgaitze integrala. Esku-hartze arkitektoniko bereziaren ondoren, kultura-jarduerak egingo dira bertan, baita Gasteizko Udalarekin lankidetzan egindako umeentzako tailerrak eta Katedraleko Aterpetxearen jarduera osagarriak ere, Gazteriaren Foru Erakundearen Gazterock eta Zineleku udalekuak, besteak beste.
Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak, Estibaliz Canto Vitoria-Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotziak eta Jon Lasa Fundazioko gerenteak aurkeztu dute eraberritu aurretik narriadura-egoera nabarmenean zegoen eraikinaren zeharberritze prozesua. “Katedralaren ingurunea ordezkatuko duen beste pieza bat berreskuratu dugu Gasteizerako eta Arabarako: ondare historiko eta kulturalari eskainitako lekua, pertsona guztiei irekia”, adierazi du diputatuak.
Alde horretatik, Aiztogile 103 eraikinean esku hartzea 2010ean hasitako prozesuaren beste urrats bat da. Prozesu horretan, 87., 89. eta 91. zenbakietako blokeak zaharberritu ziren, eta 2012an egungo Gazteen eta Erromesen Aterpetxea sortu zen. Ondoren, 2013an, gaur egun Fundazioaren bulegoak hartzen dituen 93. zenbakia berriztatu zen. Orain, 103. zenbakiaren zaharberritzearekin, beste bultzada bat eman zaio kalearen tarte hori osorik berreskuratzeari. Tarte horretako eraikinak katedralari atxikita daude ia erabat.
Egindako esku-hartzeari esker, ‘Aiztogile 103’ eraikin balioaniztun eta gazte aterpetxearen eta Fundazioaren kultura- eta hezkuntza-jardueretarako osagarri ezin hobea bihurtu ahal izango da. Hala, Santa Maria Katedrala Fundazioak Gasteizko Udaleko Hezkuntza Sailarekin batera antolatzen dituen umeentzako hezkuntza-tailerrak bertan egitea aurreikusten da. Azken ikasturtean, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 5.era bitarteko 6.396 ikasle igaro dira tailer horietatik.
Aterpetxean ostatu hartzen duten gazteek kultur jarduerak egiteko instalazio berriak izateko ere balioko du. Jarduera horien artean daude, esaterako, Gazteriaren Foru Erakundeak antolatutako Gazterock gazte udalekuak edo Zineleku. Horrela, aterpetxean ostatu hartuta dauden eta parte hartzen duten gazteek, gune berri hori izango dute erabilgarri aurrerantzean.
Era berean, behar bereziak dituzten eta aterpetxean ostatu hartzen duten pertsonen erabilera didaktikorako eta aisialdirako gune gisa balioko du, Aiztogile 103 instalazioak haientzat egokituta baitaude. Azkenik, Fundazioaren kultur jardueren gune osagarri gisa ere erabiliko da (entseguetarako, bileretarako, aurkezpenetarako, mintegietarako, etab.).
Bestalde, Aiztogile kaleko 103. zenbakiko eraikina birgaitzeak, monumentu-multzoaren garrantziarekin bat etorriko den egoiliarrentzako eta bisitarientzako hiri-ingurune atsegina finkatzen laguntzen du, eta aterpeak elkargune gisa betetzen duen lekua indartzen lagunduko du. Nabarmendu behar da, urtean 11.500 gaualdi hartzen dituen Katedraleko Aterpetxea aktibo garrantzitsua dela Aiztogile kalearen azken tartea biziberritzeko, eta, horrez gain, funtzio sozial nabarmena betetzen duela, pandemian zehar covidak kaltetutakoei edo, oraintsuago, errefuxiatu ukrainarrei ostatu emanez.
Hirigintzako esku-hartzea
Aiztogile 103ren narriadura-egoera nabarmenaren ondorioz, Fundazioak birgaitze integralari ekiteko erabakia hartu behar izan zuen 2019an. 2020an finkatu zen, higiezinaren egitura berreskuratuta eta barruko banaketa eginda. Obra horretan eraikinaren egitura nagusia kontserbatu da, harrizko eta adreiluzko fabrikena, baita egurrezko solairu eta estalkiena ere, konponduta eta ustelduratik babestuta. Isolamendu termikoan material ekologikoak erabili dira, eta katedraletik bertatik ekarritako egurrezko piezak berreskuratu eta berrerabili dira estalkiak birgaitzeko.
Pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, 2022-2023an amaitu ziren zaharberritze lanak, espazioen egokitzapen funtzionalarekin eta aurreikusitako erabilerarako egokiak diren klimatizazio eta argiztapen sistema eraginkorren instalazioarekin. Igogailu eta komun egokituak ere instalatu ziren. Guztira, 400.000 euro inbertitu dira 75 m2 erabilgarri inguru dituzten hiru solairutan (beheko solairua + bi solairu) banatuta dagoen eraikina birgaitzeko.
Nolanahi ere, Aiztogile kaleko hirigintza arloko esku-hartzea ez da erabilera anitzeko eraikin berri horrekin amaitzen. Fundazioaren Ekintza Planaren barruan, 99. zenbakian zaharberritze lana egitea dago aurreikusita. Litekeena da bertan Katedraleko artxibo garrantzitsua egotea.