Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

12/06/2023

“Kontzertuan eta irekita” ekimenak gospel musikaz, sehaska kantaz eta Garcia Lorca eta Pablo Milanes oroituz beteko du Santa Maria Katedralaren Elizpea

Berrikuntza gisa, aurten lau kontzertuak uztaileko bi asteburutan elkartuko dira, eta emanaldien ordua 19:30era aurreratuko da

Gasteizen, 2023ko ekainaren 12an.- Santa Maria Katedraleko Elizpea musikaz beteko da berriro uztailean, “Kontzertuan eta irekita” ekimenari esker. Ekimenak kalitate handiko eta ibilbide egiaztatuko lau musika-proposamen ekarriko ditu Gasteizera. Horien artean, Caco Senante kanariarraren emanaldia nabarmendu behar da. Caco Senantek omenaldi berezia egingo dio 2022ko azaroan hil zen eta azken kontzertuetako bat “Kontzertuan eta irekita” ekimenaren iazko edizioan, Santa Maria Katedralean, eman zuen Pablo Milanes kantautore kubatarrari.

Ekimena aurkezteko ekitaldia gaur goizean egin da Santa Maria Elizpean, eta bertan izan dira Inmaculada Sánchez Arbe Arabako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Arantxa Ibáñez de Opacua Vital Fundazioaren zuzendaria, eta Jon Lasa Santa María Katedrala Fundazioaren gerentea. Gainera, bertan izan da Joseba Cabezas, “Kontzertuan eta irekita” ekimenaren antolaketan parte hartzen duen Jazzargia Elkarteko arduraduna.

Horrela, Santa Maria Katedrala Fundazioak agerian utzi du berriro ere kulturarekiko –kasu honetan, musikarekiko– duen konpromisoa, “Kontzertuan eta irekita” programaren bidez. Ekimenak Vital Fundazioa eta Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza du. Guztira, lau emanaldi izango dira uztaileko azken bi asteburuetan: 21 eta 22an, eta 28 eta 29an. Berrikuntza gisa, aurten 19:30ean hasiko dira emanaldiak.

Lehenengo kontzertua Goizargi Gospel Choir taldeak emango du uztailaren 21ean. Aditu askoren iritziz, “Euskadiko hamabi ahots onenetakoek” osatzen duten taldea estilo horren erreferentzietako bat da gaur egun, duen energiarengatik, indarrarengatik eta kalitatearengatik. Ramón Escaléren zuzendaritzapean, gaur egun “Life Celebration” ikuskizunaren aurkezpenean murgilduta daude, eta horrekin arituko dira “Kontzertuan eta irekita” ekimenean.


Uztailaren 22an, larunbatean, Juan Valderrama kantariak Carlos Canok musikatutako Federico García Lorcaren “El diván del Tamarit” poema-liburua interpretatuko du. Mende laurden baino gehiago antzeztu gabe daraman obra horren eszenaratzeak, gainera, bat egingo du poeta granadarraren jaiotzaren 125. urteurrenarekin.

Uztailaren 28rako programatuta dagoen hurrengo kontzertua EMEKI izenekoa da eta Basabi taldearen eta Andromachi Kouforgiorgou abeslari greziarraren arteko lankidetza proiektua da. Proposamena kultura ezberdinetako kantutegi tradizionaleko sehaska kantetan oinarritzen da, Basabiren formaziora egokituz. Interpretatutako sehaska-kanta guztiak hizkuntza eta dialekto ez-menperatzaile eta minoritarioetatik datoz, belaunaldiz belaunaldi kantu horiek ahoz transmititu dituzten herriak ikusarazten saiatzeko helburuz.

Azkenik, uztailaren 29an, larunbatean, Caco Senante kantautore kanariarraren txanda izango da. Kanarietako Kantu Berriaren bultzatzaile eta kantu politikotik poemen egokitzapenera eta ondoren saltsa eta bolerora igaro den musika ibilbide luzearekin, Senantek bere kantu berri eta arrakastatsuak biltzen dituen “Íntimamente...” ikuskizuna ekarriko du Gasteizera.

Gainera, kantautore kanariarrak omenaldi txiki bat egingo dio 2022ko “Kontzertuan eta irekita” ekimenean eszenatoki hori bera zapaldu zuen Pablo Milanes kideari. Elkarrekin eman zuten ikuskizuna hunkigarria izan zen. Horregatik, eta musikari kanariarrak berak eskatuta, Pablo Milanesen irudiari eskainita egongo da 2023ko “Kontzertuan eta irekita” ekimenaren itxiera.

Lau kontzertuetarako abonuak 30 euroko prezioa izango du, eta egun bateko sarrerak, 10 eurokoa. Datorren asteazkenetik, ekainaren 14tik, aurrera, erosi ahal izango dira sarrerak eta abonuak www.kontzertuanetairekita.eus WEBGUNEAREN bidez. Bisitariaren Zentroan (Santa Maria kantoia, 3) ere erosi ahal izango dira.